Zuzenean

Denboralea

Cadiz eta Sevilla, puntu kezkagarrienak une honetan

E.G. / D.P. | EITB Media

Your browser doesn’t support HTML5 video

- Orain arte, Valentziako Erkidegoan, Gaztela-Mantxan eta Andaluzian daude hondamendi handienak.

- Espainiako Gobernuak hiru dolu egun deitu, eta hondamendi eremu izendatuko ditu asteartean inguru kaltetuak.

- Borraskak hainbat herri suntsitu ditu, hala nola Letur (Gaztela-Mantxa). Bertan ez dira ausartzen desagertuen kopurua zehaztera.

Actualizar

Valentziako Generalitateak baieztatu du dagoeneko erreskatatu dituztela erreskatzeko zain zeuden pertsona guztiak.

Ostegunean jokatzekoa zen FC Jove Español-Real Sociedad Kopako partida ere atzeratu egin dute.

Espainiako Gobernuko Barne Ministerioak jakinarazi duenez, "larriena" atzean geratu da Valentziako Erkidegoan eta Gaztela-Mantxan, eta orain Cadiz eta Sevilla dira puntu kezkagarrienak.

Justizia Ministerioak zortzi auzitegi-mediku eta laguntzaile bat bidaliko ditu Valentziara, hildakoak identifikatzen laguntzeko.

Maria Chivite Nafarroako Gobernuko presidenteak dolu ofiziala deitu du astelehena arte, borraskaren biktimen ondorioz.

Borraskaren ondorioz hildakoak 95 dira jada: 92, Valentziako Erkidegoan; 2, Gaztela-Mantxan; eta 1, Andaluzian.

Borraskaren ondorioz hildako 73 pertsonen artean, 40 Paiporta (Valentzia) herrian zenbatu dituzte. Horietatik, sei erresidentzia batean hil dira.

Valentziako Erkidegoaren drama islatzeko datu gehiago: 113.000 pertsona argindar barik daude oraindik Valentzia probintzian, Iberdrolak baieztatu duenez.

1.200 pertsona inguru harrapatuta daude une honetan Valentziako A-3 eta A-7 errepideetan, Guardia Zibilaren esanetan. Gainera, 5.000 ibilgailu blokeatuta daude.

Valentziako Generalitateak 900 365 112 telefono zenbakia aktibatu du, desagertutako pertsonen senideentzat.

Gogora dezagun Cadiz alerta gorria egoeran dagoela. Irudi hauek Jerez de la Fronteratik iritsi dira:

Bertan behera utzi dute Chiclanak eta Osasunak gaur 19:00etan jokatzekoa zuten Kopako partida.

73ra igo da borraskaren ondorioz Estatuan hildakoak. Azkena, Malagan zenbatu dute.

Valentziako Merkataritza Ganberak, Udalak eta supermerkatuek nabarmendu dute elikagai eta ur hornidurak bermatuta daudela. Hala ere, arduraz kontsumitzeko deia egin dute, beharrezkoak diren produktuak neurri gabe erostea saihesteko.

Irudi beldurgarriak: Valentziako tragedia, airetik.

Une honetan gorpuak biltzen ari dira oraindik erreskate taldeak kaltetutako eremuetan. Hilotzak Valentziako Justiziaren Hirira eramaten ari dira, autopsiak eta identifikazio lanak egin baino lehen.

Duela 40 urte, 1983ko abuztuaren 26an, Valentziako erkidegoa astindu duen fenomeno meteorologiko berdinak Bilbo suntsitu zuen. 40 pertsona inguru hil zen orduan.

Angel Víctor Torres Lurralde Politikako ministroak iragarri du asteartean Gobernuak hondamendi eremu izendatuko dituela inguru kaltetuak.

Nola sortu da borraska? Hain suntsitzailea izango zela aurreikusi zitekeen? Zuriñe Zulaika metereologoak azalpenak eman dizkigu:

AEMETek alarma gorria aktibatu du Jerezen (Andaluzia), 120 litro ur espero baitira metro karratuko 12 orduan.

Gobernuak 70era igo du hildakoen kopurua Valentziako erkidegoan.

Espainiako Gobernuak hiru dolu-egun deitu ditu tragediaren aurrean.

Euriteek markak utzi dituzte Valentzian pilatutako ur kopuruari dagokionez. Chivan (Valentzia) metro koadroko 491 litro pilatu ziren zortzi orduan. Urtebetean pilatutako ur kopuru bera da hori.

1983ko Bilboko uholdeetan antzeko datuak erregistratu ziren: ia 600 litro zenbatu ziren metro koadroko.

Bingen Zupiria Jaurlaritzako Segurtasuneko sailburuak ziurtatu duenez, oraingoz ez dago Valentziako uholdeetan hildako edo desagertutako euskal herritarrik.

Emiliano Garcia-Page Gaztela-Mantxako presidentea Leturrera (Albacete) joan da gaur, uholdeek utzitako triskantza bertatik bertara ikusteko. Han baieztatu duenez, hondakinen artean pertsona baten gorpua topatu dute. Beste hainbat desagertuta daude oraindik.

Hain justu, eta kazetariei egindako adierazpenetan, aitortu du eskualdeko gobernuak dituen aurreikuspenak "oso txarrak" direla. Nolanahi ere, "itxaropentsu" azaldu da baten bat bizirik aurkitzeko.

Letur, gaur goizean. EFE

Nafarroako Gobernuak ere elkartasuna adierazi die Valentzia eta Gaztela-Mantxako erkidegoei, eta euren eskura jarri ditu Foru Erkidegoaren hainbat baliabide. Tartean daude, besteak beste, bi helikoptero, bi pilotu, garabi gidari bat eta Erreskate Tekniko Taldeko bi suhiltzaile.

Eusko Jaurlaritzak bi helikoptero bidaliko ditu Valentziara erreskate lanetan laguntza emateko. Imanol Pradales lehendakariak egin du iragarpena. Agerraldian, halaber, "elkartasuna eta babesa" helarazi die euri denboraleak eragindako biktima guztiei.

Pertsona baten gorpua topatu dute eguerdian Leturren (Albacete), uholdeek utzitako hondakinen artean. Zehaztugabeko pertsona kopuru bat desagertuta dago oraindik udalerri horretan.

Denboraleak Gaztela-Mantxan eragindako bigarren biktima da Leturrekoa. Goizean jakinarazi dutenez, Miran (Cuenca) izandako uholdeetan 88 urteko emakume bat hil da.

Denboraleak Espainiako Estatuko ekialdea gogor kolpatzen jarraituko du. Hain justu, Kataluniako Zerbitzu Meteorologikoak alarma gorria ezarri du Katalunian haizeteengatik eta txingorragatik. "Muturreko arriskua" dago Baix Llobregat eskualdean, eta "arrisku handia" Garrafen, Alt Peneden, Barcelones eta Valles Mendebaldean.

Aemetek emandako datuen arabera, Valentziako hainbat tokitan metro koadroko 200 litro baino gehiago erregistratu ziren atzo. 400 baino gehiago izan ziren Chivan, Buñolen eta Turisen, 300 inguru Requenan eta 275 Utielen.

EFE

Azken urteotako hondamendi natural handienetakoa da Valentziakoa, betiere hildako kopuruari erreparatuta. Zehazki, hirugarren larriena da.

Denboran atzera egin behar da halako suntsipen datuak topatzeko. 1996an, 87 pertsona hil ziren Biescasen eta 1957an, 81 hildako izan ziren Turian (Valentzia).

Valentziako Generalitateak jakinarazi berri duenez, 62 pertsona hil dira azken orduetan probintzia horretan. Zehaztu dute behin-behineko datua dela, eta biktima kopuruak gora egin dezake.

Virginia Barcones Babes Zibileko eta Larrialdietako zuzendari nagusiak denboraleak kaltetutako herritarrei hainbat mezu eman dizkie. Batetik, ahal dela, joan-etorriak saihesteko eskatu du. Bestetik, ibaien ubideetatik eta urpetu daitezkeen lekuetatik urruntzeko. Azkenik, lasaitasunari eusteko deia egin du. Ohartarazi duenez, "borraska ez da guztiz pasatu".

Erreskate bat Utielen (Valentzia). EFE

Denboralea dela eta, euren ohiko jarduna bertan behera uzi dute Diputatuen Kongresuak eta Senatuak.

Behe Ganberak Valentziako biktimen aldeko minutu bateko isilunearekin ekin dio kontrolerako saioari, baina handik gutxira, saioa bertan behera uztea erabaki du.

Pedro Sanchez Espainiako Gobernuko presidenteak agerraldia egin du Moncloan. Biktimen senitartekoei elkartasuna adierazteaz gain, azpimarratu du exekutiboak "baliabide guztiak" jarriko dituela martxan denboraleak eragindako "triskantzari" aurre egiteko. Ohartarazi duenez, oraindik egoera ez da baretu.

Sanchez, agerraldian.

"XXI. mendeko goialdeko borraskarik bortitzenak" hondamendia eragin du Espainiako ekialdean. Valentziako Erkidegoan bakarrik 51 hildako daude, eta beste pertsona bat hil da Cuencan (Gaztela-Mantxa). Euri denboraleak utzitako azken orduaren kontakizuna da hau.

Uholdeak Valentzian. EFE