Itxi

Eguraldiaren iragarpena

Euria egingo du Gabon gauean eta Gabon Zahar egunean Euskal Herrian

Erredakzioa

2012/12/20

AEMETen arabera, aurtengo negua aurrekoaren oso antzekoa izango da, baina euri gehiago egin lezake.

Argazkia: EITB

AEMET Espainiako Metereologia Agentziak iragarri duenez, eguraldi ona egingo du Gabonetan Euskal Herrian, Gabon gauean eta Gabon Zahar egunean salbu; izan ere, bi egun horietan euria egin lezake.

Eguraldi aurreikuspen hori egin du Margarita Martin AEMETeko Euskadiko arduradunak gaur goizean. Halaber, negua nolakoa izango den ere aurreratu du.

Martinen arabera, abenduaren 24an, iluntzean, borraska bat helduko da Euskal Herrira. Gabon gauean euria egin lezake eta haizea indar handiz ibiliko da. Eguraldi txarra “krisiari eta kutsadurari aurre egiteko modurik onena da, hobe etxean gelditzea eta lekualdatzeak saihestea”, gaineratu du.

Behin Eguberri eguna igarota, berriz ere eguraldi ona egingo du Euskal Herrian. Antizikloia nagusituko da eta eguraldi ona egingo du abenduaren 26tik 29ra bitartean. Hilaren 30ean eta 31n bestalde, euria egin lezake. Margarita Martinen iritziz, zaila da gaur, urte amaierarako eguraldi iragarpena egitea. Hala ere, “modeloak argiak dira”, eta horien arabera euria egingo du.

 

Neguaren iragarpena

Negua nolakoa izango den aurreratu du AEMETek. Martinen iritziz, negua da fidagarritasunez aurreikusi daitekeen urtaro bakarra.

Adituaren hitzetan, aurtengo negua aurrekoaren oso antzekoa izango da. Urtarrila beroa izango da garaia kontuan hartuta, eta otsailean eta martxoan ohi baino hotz handiagoa egingo du.

Bestalde, normalean baino euri gehiago egin lezake.

Otsailean eta martxoan egingo du hotz gehien Euskal Herrian, hala ere AEMETek ez du elurte handirik espero garai horretan Gasteizen. Laburbilduz, “negua egonkorra izango da eta otsailean eta martxoan egingo du hotz gehien”.