Eusko Jaurlaritza
Abisu horia haize-boladengatik Euskadin, ostiraletik larunbatera
Erredakzioa
2012/12/27
Arabako eta Bizkaiko haizeguneetan haize-boladek 100 km/h-ko abiadura gainditu dezakete.
Eusko Jaurlaritzako Larrialdiei Aurre Egiteko eta Meteorologiako Zuzendaritzak abisu horia ezarri du haizeagatik ostiraletik hasi eta larunbatera arte. Ostiralean 18:00etan aktibatuko dute abisu horia, eta larunbateko 12:00ak arte egongo da indarrean.
Litekeena da haize-boladek 100 km/h-ko abiadura gainditzea, batez ere, Arabako eta Bizkaiko haizeguneetan. Bestalde, Arabako eta Bizkaiko gainerako tokietan 70-80 kilometro orduko haize ufadak espero dira.
Eguraldiaren iragarpena
Euskalmet Euskal Meteorologia Agentziaren arabera, ostiralean eguzkia izango da nagusi. Goizean goiz, oraindik, aurreko eguneko hodei hondarrak geldituko dira zenbait tokitan, baina egunak aurrera egin ahala jasotzen joango da eta zerua ia erabat oskarbi geldituko da. Haizeak hegoaldetik joko du, eta eguneko azken orduetan indarra hartuko du. Tenperatura igo egin da, beroenak 18 ºC-ra helduko dira kostaldean eta 15-16 ºC-ra barnealdean.
Larunbatean txarrera egingo du eguraldiak. Egunaren lehen zatian ostarte zabalak izango dira zeruan, baina eguerditik aurrera fronte hotz bat sartuko da eta giroa nabarmen aldatuko da: tenperatura jaitsi egingo da, zerua hodeiz estaliko da eta euri apur bat egin lezake. Azken orduan haizea indartuko da eta atertzera egingo du.