Itxi

IRAGARPENA

Hotzak, euriak eta haizeak jarraituko dute, Euskadin

Erredakzioa

2013/01/24

Gaur eta datozen egunetan, zerua estalita egongo da, eta baliteke euri zaparradak izatea. Tenperaturek ez dute gorabehera handirik izango.

Zerua estalita egongo da, eta baliteke euri zaparradak izatea. Argazkia: Efe

Gaur, giro kaskarra izango dugu egun osoan. Euskalmet euskal meteorologia agentziaren aurreikuspenaren arabera, ipar-mendebaldeko haizea oso zakar ibiliko da, batez ere kostaldean. Prezipitazio ugari izango ditugu, kantauriar isurialdean batez ere, eta txingor zaparradak ere botako ditu, iragarpenaren arabera. Elurra mendietan geldituko da hasieran, eta arratsaldean 700-800 m-ra jaitsiko da kota. Orduek aurrera egin ahala, egoera baretuz joango da: haizea ahuldu egingo da, eta prezipitazioak urrituz joango dira. Tenperaturan, ez da gorabehera handirik izango.

Ostiralean, apur bat hobetuko da giroa. Goizaldean iparraldean tantaren bat eror litekeen arren, eguna lehorretik hasiko dugu. Goizean eta eguerdian ostarte batzuk zabalduko dira, eta eguzkia ikusi ahal izango da. Arratsaldean, berriz, fronte berri batek zerua estaliko du, eta baliteke horrek egunaren amaierarako euria ekartzea. Hegoaldeko haize ahula ibiliko da, baina kostaldean eta mendi inguruetan bolada gogorrak joko ditu. Eguneko tenperatura beroenak 8-13 ºC bitartean geratuko dira, eta goizaldean izotza sor liteke barnealdean.

Larunbatean Larunbatean, euriarekin jarraituko dugu. Zerua oso hodeitsu egongo da, eta euri apur bat botako du, baina goizean zehar atertzen joango da. Egunaren bigarren zatian ostarteak zabalduko badira ere, lurraldearen ekialdean tantaren bat edo beste bota lezake arratsaldeko lehen orduetan. Goizean, ipar-mendebaldeko haize ahul-bizia ibiliko da; dena dela, ufada gogorrak eta oso gogorrak egongo dira mendi inguruetan eta kostaldean bereziki. Arratsaldean, hegora edota hego-mendebaldera aldatuko da. Tenperatura maximoak igo egingo dira, eta 15 ºC-ren inguruan ibiliko dira kostaldean eta 10-12 ºC-ren bueltan barnealdean.