Eguraldiaren iragarpena
Hegoaldeko haizeak giroa goxatuko du asteburuan
Erredakzioa
2013/03/01
Igandean tenperatura maximoak 20 ºC inguruan kokatuko dira kostaldean eta 15 ºC inguruan barnealdean.
Datozen egunetan eguraldiak nabarmen egingo du hobera, hotzak eguzkiari utziko dio tartea eta tenperaturak nabarmen egingo du gora hego haizeari esker, Euskalmeten arabera.
Gaur argitzera egingo du eguraldiak. Goizean lainoak izango dira nagusi zeruan, baina arratsaldean ostarteak zabalduko dira. Ipar-ekialdeko haizeak joko du, eta tenperatura maximoak ez dira igoko, aurreko egunetakoekin alderatuta: 10-11 ºC ingurukoak izango dira kostaldean, eta 7-8 ºC ingurukoak barnealdean.
Larunbatean, eguraldia egonkortzen joango da. Goizean hodei baxuak nagusituko dira zeruan, kantauriar isurialdean bereziki. Arratsaldean giro eguzkitsua nagusituko da. Ekialdeko haizea ibiliko da eta tenperatuta igo egingo da: kostaldean 13 ºC-ren bueltan geratuko dira beroenak, eta 10 ºC-ren bueltan barnealdean. Egunaren amaieran izotza egingo du Arabako zenbait tokitan.
Igandean, eguraldi eguzkitsua izango da, baina goizaldean izotza egingo du barnealdeko zenbait puntutan. Hodei gutxi izango da zeruan, eta gehienak erdi mailakoak eta goi-hodeiak izango dira. Hego-ekialdeko haizea ibiliko da, eta gauean indartu egingo da. Tenperatura minimoak zeropekoak izango dira barnealdeko zenbait puntutan, eta kostaldean 2 eta 5 ºC artekoak izango dira. Aldiz, balio altuenak larunbatekoak baino 2-4 ºC altuagoak izango dira.
Informazio gehiago (1)