Itxi

Iragarpena

Eguraldi hotzak 600 metrora mantenduko du elur maila

Erredakzioa

2013/11/27

Baliteke euria izatea egunaren azken partean, nahiz eta eguzkia jaun eta jabe izango den lurralde osoan; tenperaturek ez dituzte 10 ºCak gaindituko.

Hotza nagusi izango da gurean datozen egunotan. Irudia: Jose Antonio Ortiz de Zarate.

Giro hotzarekin jarraituko dugu gaur, asteazkena, baina eguzkia aurreko egunetan baino gehiago agertuko da eta, hortaz, giroa atseginagoa izango da, Euskalmet Euskal Meteorologia Agentziak iragarri duenez.

Hala ere, tenperaturak ez du 10 ºC-ko muga hautsiko kostaldean eta barnealdeko hainbat tokitan 5 ºC-ren bueltan geldituko dira beroenak. Toki gehienetan giroa eguzkitsua izango da, baina arratsaldean hodeiak ugaritu egingo dira Bizkaia eta Araba iparraldean bereziki eta, egunaren amaieran, baliteke euria egitea lurralde horietan, elurra 600 m-ra botako luke. Ipar-ekialdeko haizeak indarra galduko du arratsaldetik aurrera.

Bihar, izotza gurean

Ostegunean izotza botako du ia denean, baita kostaldeko zenbait tokitan ere, barnealdean baliteke handiak izatea. Bestalde, behe-lainoa sortuko da ohiko lekuetan. Hala ere, giro eguzkitsuaz gozatzeko aukera izango dugu denean, soilik Nafarroa hegoaldean goizean hodeiak agertuko dira.

Haizea ekialdetik etorriko da baina ia indarrik gabe eta beraz goizean goiz sortuko den behe-lainoa zenbait tokitan ordu batzuk beharko ditu jasotzeko. Eguneko tenperatura 10 ºC-ra helduko da itsasotik hurbil.

Ostiralean, aldaketa datorkigu

Goizean izotza eta behe-lainoa toki askotara heldu egingo dira. Hala ere, eguzkiaren laguntzaz, giroa epelduz joango da eta arratsaldeko lehen orduetan 8-12 ºC-ra iritsiko dira termometroak. Baina arratsaldean aldatzen hasiko da giroa.

Haizea iparraldeko norabidea hartuko du eta itsasotik hodeiak heltzen hasiko dira. Hauek, ostiralean ez, baina asteburuan euria utziko dute gurean.