Itxi

Eguraldiaren iragarpena

Alerta laranja ezarri dute astelehen eta astearterako, haizeagatik

Erredakzioa

2013/12/22

Euskalmeten iragarpenaren arabera, borraska depresio gune sakon eta zabal batek haize bolada indartsuak eta olatu handiak eragingo ditu.

Haize bolada indartsuak espero dira astelehenerako eta astearterako. Argazkia: EFE

Eusko Jaurlaritzako Segurtasun Sailak alerta laranja ezarri du astelehenerako eta astearterako, haize bolada indartsuen arriskua dela eta. Haizeak gogor joko du lurralde osoan, haizeguneetan eta haizegune ez diren tokietan ere.

Euskalmet Euskal Meteorologia Agentziaren arabera, abenduaren 23tik 26ra bitartean, Euskal Herria depresio gune sakon eta zabal baten eraginpean egongo da eta, ondorioz, haize bolada indartsuak eta olatu handiak izango dira lurralde osoan.

Astelehenean indarra hartzen hasiko da hego-mendebaldeko haizea, eta eguna bukatzerako hego ukitua hartuko du. Haizeak indar handia izango du, bereziki, astelehen gauetik astearteko eguerdira bitartean. Euskal Herriaren mendebaldean antzemango ds gehien bat haizearen indarra, bereziki, Bizkaiko eta Arabako mendiguneetan, izan ere, toki horietan 140 km/h abiada har lezake haizeak.

Haizeguneak ez diren tokietan ere 100km/h ufadak izan daitezke, batez ere, astearte goizaldean eta goizean. Gabon gauean haizeak baretzera egingo du.

Eguberri egunean eta abenduaren 26an haizeak indarra galtzen jarraituko du, eta mendebaldera egingo du. Hala ere, kostaldean haize bolada handiak espero dira.

Olatu handiak

Depresio gune horrek olatu handiak eragingo ditu. Astelehenean eta asteartearen lehen erdian 3-4 metroko olatuak izango dira, eta astearte iluntzerako 5 metroko olatuak espero dira. Asteazkenerako eta ostegunerako, berriz, 5 eta 6 metroko olatuak aurreikusten ditu Euskalmetek.