Cargando...
Itxi

Analisia

Ingurumenaren gaineko aste monografikoa, 'Eguraldia'n

A.H.

EITB

2014/06/02

Astelehenetik igandera bitartean, ingurumen-arazoen salaketa eta analisirako leihoa irekiko du saioak.

Ekainaren 5a Ingurumenaren Nazioarteko Eguna da, eta, horren harira, 'Eguraldia' saioak arreta berezia eskainiko dio gaiari. Gurean ditugun ingurumen arazoak salatu eta aztertzeko leihoa irekiko du saioak egunero, ikus-entzuleak sentsibilizatzeko helburuarekin. Bi ataletan banatuko da sail berezi hau: batetik, gizakiok ingurumenean sortzen ditugun kalteen salaketak bilduko ditu, eta, bestetik, kalte horiek konpontzeko lan egiten duten pertsona eta taldeen berri emango du.

Horretarako, ikus-entzuleen parte-hartzea bultzatuko du 'Eguraldia' saioak. Gertuko egoeren berri emateko eskatuko die jarraitzaileei, gure herri eta hirietan ingurumenari egindako kalteen berri emateko, alegia. 'Eguraldia'k, honenbestez, 'zauri hurbilenen' zerrenda osatuko du. Horretarako, ikus-entzuleek bideo laburra grabatu beharko dute kaltetutako tokia erakutsiz, eta whatsapp bidez bidali beharko dute 688875824 telefonora.

Horrez gain, ingurumenaren defentsa helburu duten talde edo elkarteko kideak 'Eguraldia' taldearekin harremanetan jar daitezke euren jardueren berri emateko: posta elektroniko bidez, eguraldia@eitb.com helbidera idatziz, edo whatsapp bidez, lehen aipatutako telefonora (688875824) deituz.

Salaketak egin eta ingurumena babesteko jardueren berri ematez gain, analisirako lekua ere izango du 'Eguraldia'k. Besteak beste, negutegi efektua sortzen duten gasek ozono geruzan duten eragina erakutsiko dute, eta gure kliman dituzten ondorioak aztertuko dituzte. Horrez gain, hainbat ekimen interesgarriren berri emango dute, Zerainen abiatu duten ekimenaren berri, esaterako adibidez: bertan, Zeraingo Udalaren ekintza guztiek ingurumena errespetatzea dute ardatz. Horrez gain, garapen jasangarri baten alde 'Sostenibles TV' proiektuak proposatu dituen hainbat ekintza emango dituzte ezagutzera.

'Eguraldia' saioa egunero ikus daiteke ETB1en eta ETB2n, 'Gaur Egun' eta 'Teleberri' albistegien ondoren.