Iragarpena
Euria eta udazkena Euskadirako bidean dira dagoeneko
Erredakzioa
2018/04/17
Segurtasun Sailak abisu horia aktibatuko du bihar, haize bortitza dela eta, Bizkaian eta Araban. Asteartean udazkena bete-betean sentituko dugu eta hodeiak eta zaparradak protagonista izango dira.
Gaur, azken egunotan ez bezala, euria egingo du gurean. Goizean haizeak hegoaldetik joko du eta, oro har, ateri eutsiko dio. Alabaina, arratsaldean haizeak mendebal/ipar-mendebaldera egingo du eta orduan euri txikia egingo du, zenbait lekutan ertaina, Euskalmet Euskal Meteorologia Agentziak aurreikusi duenez.
Tenperaturari dagokionez, maximoak atzokoak baino gradu pare bat baxuagoak izango dira eta 17-22 ºC-ren bueltan ibilita.
Astelehenean, lau tanta
Astea hegoaldeko haize zakarrarekin eta giro desatseginagoarekin hasiko dugu astelehenean. Goizean hegoaldeko haize honi esker, oro har, ateri eutsiko dio. Arratsaldean eta gauean ordea, fronte bat iritsiko da, ondorioz, haizea indartu eta ipar-mendebaldera aldatuko da.
Orduan euria lurralde osora zabalduko da. Tenperatura maximoak gutxi jaitsiko dira eta 18-21 ºC-ren bueltan geratuko dira.
Asteartean, udazken giroa
Asteartean udazken beteko giroa izango dugu euskal lurraldean. Zerua oso hodeitsu egongo da eta zaparrada txiki-ertainak botako ditu, sarriago kantauri isurialdean, eta bertan ekaitzak ere jo lezake.
Gainera, ipar-mendebaldeko haize bizia ibiliko da, bolada gogorrekin kostaldean eta mendi inguruetan. Tenperatura maximoak nekez iritsiko dira 13 ºC-ra barnealdean eta 17 ºC-ra kostaldean.
Abisu horia haizea dela eta
Segurtasun Sailak abisu horia aktibatuko du bihar, haize bortitza dela eta, Bizkaian eta Araban.
Abisua eguerdian hasi eta 22:00ak arte mantenduko dute, haize boladek 100 km/h-ko abiadura gaindituko dutelakoan, haize-guneetan, bereziki arratsaldean, eta mendiguneetan.
Haize-guneetatik kanpo 70-80 km/hkoak izatea espero dute.
Informazio gehiago (1)