Alertan asteazkenera arte
Hotz handia, baina elur gutxi gaurko
Erredakzioa
2010/03/09
Elurra protagonista izan da astelehenean. Malutak EAEko hiru hiriburuetara heldu dira, eta arazoak eragin dituzte Gasteizeko trafikoan. Alerta horia asteazkeneko azken ordura arte egongo da indarrean.
Orduak aurrera joan ahala, elur-kota 300-400 metrora igoko da, eta, gainera, atertzeko joera hartuko du. Atzo goizean, kostaldetik hurbileko puntu askotan elurrarekin esnatu ziren EAEn, eta malutak hiriburu guztietara heldu ziren. Horien artean, Gasteizen izan zuen elurrak eraginik handiena, eta, goizeko lehen ordutik aurrera, arazoak egon ziren Arabako hiriburuko trafikoan eta bere ingurukoan.
eitb.com-ek Eguraldiblogen, Facebooken, Twitterren eta Eguraldia foroaren bidez jakin ahal izan duenez, elurra egin zuen Eibarren, Antzuolan, Elgoibarren, Zumarragan, Ordizian, Anoetan eta Andoainen (Gizpuzkoa), Laudion eta Amurrion (Araba) eta Barakaldon, Gernikan, Sopelan, Berangon, Zaldibarren, Santurtzin, eta, orokorrean, Urdaibain, Bizkaiari dagokionez.
Nafarroan, nahiz eta malutak Iruñean ere agertu ziren gauean zehar, arazoak ipar partean izan ziren, Foru Gobernuak jakinarazi duenez.Eusko Jaurlaritzaren Herrizaingo Sailak alerta horia utziko du ezarrita asteazkeneko azken ordura arte; asteartean eta asteazkenean, elur-maila 0-200 metrora egongo da, eta prezipitazio txikiak daude iragarrita egun horietarako. Gehiago bota lezake asteazkenean, arratsaldetik aurrera. AEMET Estatuko Meteorologia Agentziak abisu horian utziko du Nafarroa asteleheneko arratsaldera arte ere.
Euskalmet Euskal Meteorologia Agentziaren eguraldi iragarpenaren arabera, asteartean hotzarekin jarraituko dugu, baina eguraldia lehorragoa izango da. Tarteka, malutaren bat ager liteke azken orduan. Izozteak izango dira arrizkurik handiena; tenperaturak -4 ºC-tik behera koka litezke Nafarroako puntu batzuetan.
Elurteen bilakaera jarraitu ahal duzu gure web-kamerak erabiliz; zure inguruko argazkiak bidali ahal dituzu Eguraldiblogera, gainera.