Makroargazkilaritza
Javier Bahillo: "Foto-kazetaritza dut gustukoena"
Jesus Elordui
2010/03/11
Eguraldiblogen antolatu dugun azken lehiaketaren irabazlea EITBk Bilbon duen erredakziotik igaro zen bere saria eskuratzeko. "80ko hamarkadatik" da "benetako" argazkilaritzazalea.
Javier Bahillok, Xabier bere semearekin, EITBk Bilbon duen egoitza bisitatu du Makroargazkilaritza Eguraldiblog lehiaketan irabazi duen saria jasotzeko. Lehiaketa horretan, gure blogeko laguntzaile handi honek (3.000 argazki baino gehiago bidali ditu azken hamabi hilabeteetan) "Antenas" izeneko irudiarekin hartu zuen parte, eta argazki horri eman zion epaimahaiak botorik gehien, gainerako 29 argazkiei baino gehiago. Hortaz, Pello Zabalaren El tiempo. La meteorologia al alcance de todos liburua, klima aldaketaren inguruko infografia berezia duen pack multimedia, eta eitb.com-en logotipoa duen kamiseta lortu ditu. Horrez gain, lupa bat ere eman genion; azken finean, lehiaketari esker txikiena handi ikusteko aukera izan dugu, argazki-kameraren bidez, eta hori da, hain zuzen ere, lupa batekin egiten duguna.
Bere bizitzan trebetasuna erakutsi du Javier Bahillok argazkilaritza artistikoan: besteak beste, Mugaz Gaindiko I. Lehiaketa irabazi zuen 2009an, Eguraldiblogen bitartez ere bideratu zena. Hala ere, berak beste arlo bat du gustukoen: "Argazkilaritzaren munduan, zenbait adar daude; artistikoa oso ondo dago, baina ez du zerikusirik foto-kazetaritzarekin". Bere esanetan, hori da gehien gustatzen zaion arloa. Ondorioz, blogera bidali dituen argazki guztien artean zein duen gustukoen ez da harritzekoa: "Lanzaroten atera nuen bat, kaio bat hegoak luzatuta islatzen duena". Chistian Poveda foto-kazetariaren omenez bidali zuen; Poveda 2009an hil zuten El Salvadorreko "marak" izeneko taldeen fenomenoa ezagutzera eman ostean.
"Benetako zalea" 80ko hamarkadatik
Bahillok azaldu duenez, "80ko hamarkadatik" da "benetako argazkilaritzazalea". Hain zuzen ere, bere emaztea ezagutu zuenetik; Euskal Herriko Unibertsitatean Komunikazio Zientzien Fakultatean ikasi zuen, "eta bera izan zen komunikabideetan sartu ninduena. Argazkilaritza beste era batera ikusten hasi nintzen". Zaletasuna aurrera doa, eta orain Xabier semeak, eman dio jarraipena; 10 urte ditu eta bera ere argazkilaria da.
"ATCORE Argazkilaritza Lehiaketan (Gasteiz) bigarren postua eskuratu izanak eman dit ilusiorik handiena", esan du Javierrek, bere ibilbidea aztertu ostean. Eguraldiblogari dagokionez, kostaldeko paisaiak nahiago ditu. Blogen gainerako laguntzaile guztien artean, Jose Antonio Legaristi eta Lorentxo Portularrume nabarmendu ditu (Lorentxoren inguruan, "pertsona ekintzailea dela uste dut, asko mugitzen dena", esan du), baina Imanol Aragonentzat du bere gogoetarik bereziena: "Dena eman dio Eguraldiari; bere lana ikaragarria izan da, eta, batzuetan, ez du esker onik lortu". Javierrek uste du Imanolek ilusio apur bat galdu duela azkenaldi honetan, eta, oro har, Eguraldiblogeko parte hartzea ez dagoela bere unerik onenean.
Bizipen ugari izan ditu kamerarekin, "baina ez dira barregarriak"; Parisera joan nahi du, baita Japoniara eta Kenyara ere. Oraingoz, hainbat argitalpenetan laguntzen jarraituko du, eta RBArekin ere harremanetan dago. Munduak eskaintzen dionari adi egongo da, beti bezala, bere kamerarekin jasotzeko aukera izateko. Ea horrekin gozatzen jarraitzen dugun!