Itxi

Iragarpena

Astebururako eguraldia: larunbat eguzkitsua eta igande lainotua

Erredakzioa

2010/07/09

Gaur tenperatura gozatuko da eta hodeiak ugarituko dira. Eguzkia eta beroa izango dira protagonistak larunbat goizean, baina arratsaldea euria egin lezake.

Beroak atseden emango digu bihar larunbatera arte; eguzkia eta beroa jaun ta jabe izango dira, baina egunaren azken partean euria egin lezake, Euskadiko Meteorologia Agentziak (Euskalmet) jakinarazi duenez.

Gaur ostiralean, ipar-mendebaldeko haizeak giroa apur bat freskatuko du. Beroa egingo du, baina oro har jasangarriagoa izango da. Zerua ez da aurreko egunetan bezain garbi egongo, ipar-partean batez ere lainoak agertuko baitira. Arratsaldean, EAEko barnealdeko mendietan bero-hodeiak garatuko dira.

Euskalmeten arabera, larunbatean giro eguzkitsua izango dugu. Arratsaldean trumoi-hodeiak garatuko dira barnealdean eta zaparradaren bat bota dezake eguna amaitu aurretik. Tenperatura igo egingo da berriz, batez ere barnealdean, eta Nafarroa hegoaldean 35 gradura heldu daitezke termometroak.

Igandean, uztailaren 11n, zerua lainotu samar egongo da ipar partean, baina hegoaldean ostarteak zabalak izango dira. Goizaldean garrantzi gutxiko zaparradaren bat bota lezake. Iluntze partean, hodei geruza trinkotuko da EAEn eta Nafarroan, eta litekeena da azken orduetan zaparrada trumoitsuren bat botatzea. Ipar ukituko haizea ibiliko denez, apur bat behera egingo du tenperaturak, bereziki kantaurialdean.

Kontsultatu eguraldiaren iragarpena eitb.com-en eta bidali argazkiak Udablogera.