Cargando...
Itxi

Itsaso zakarra

Alerta laranja, zazpi metroko olatuak espero baitira

EITB.EUS

2021/03/01

Marea biziak ere aurreikusi dituzte. Itsasgora 18:00etan izango da gaur.

Your browser doesn’t support HTML5 video

Eusko Jaurlaritzako Segurtasun Sailak alerta laranja aktibatuko du gaur, asteartea, nabigatzeko arriskuagatik eta olatuek kostaldean egin ditzaketen kalteak direla eta. Alerta 04:00etatik 08:00 arte egon da indarrean, eta berriz aktibatuko dute 16:00etatik 20:00etara.

Euskalmet Euskal Meteorologia Agentziak egindako iragarpenaren arabera, depresio sakon bat dago Atlantikoan, Irla Birjinen ipar-mendebaldean, eta hondoko itsasoa eragiten ari da kostaldean.

Donostian 6 eta 7 metro arteko olatuak izan dira goizean. Itsasoak gogor astindu du kostaldea, eta 12 ibilgailutan kalteak eragin ditu.

Marea biziak ere espero dira gaurko: lehen itsasgora 05:40an izan da, eta bigarrena, 18:00ak aldera. Hala, zazpi metroko olatuak izan daitezke ordu tarte horietan.

Itsasoa zertxobait apalduko da asteazkenerako, baina abisu horia ezarri dute nabigatzeko (00:00etatik 12:00etara) eta kostaldean izan daitezkeen kalteak tarteko (05:00-08:00). 4-5 metroko olatuak aurreikusi dituzte, eta eguerditik aurrera hiru metrora jaitsiko dira.

Aholkuak

Itsaso zakarra dagoenetan, honako gomendioak jarraitzeko eskatu die herritarrei Segurtasun Sailak:

-Urpean igeri egiteko asmoa baduzu, utzi bertan behera.

-Ez erabili ontzirik, eta egiaztatu amarratzeak ondo daudela.

-Ez praktikatu ur-kirolik.

-Ez hurbildu olatuek jotzen duten tokietara.

-Ez arriskatu zeure burua argazki ikusgarriak egiteagatik.

-Itsasora jausten bazara, saiatu olatuek jotzen duten lekuetatik urruntzen eta eskatu laguntza.

-Olatuek edo korronteak eramaten bazaitu, saiatu lasaitzen.

-Ez egin igeri ur-lasterraren kontra.