Iragarpena
Maximoak 36 gradutik gora koka litezke berriro
Erredakzioa
2010/08/26
Herrizaingo Sailak alerta horia utziko du ezarrita gaur, beroa dela eta. Nafarroan, AEMETek ere abisu horia ezarriko du, eguerditik aurrera; izan ere, termometroa 38 gradura hel liteke.
Maximoak 36 gradutik gora koka litezke, berriro, gaur, EAEn; ondorioz, Herrizaingo Sailak ezarrita utziko du alerta horia, tenperatura oso beroengatik, EAEko barnealdean, Euskalmeten abisua kontuan hartuta. Nafarroan ere, AEMETek abisu horia eman du; Foru Erkidegoan, termometroa 38 gradura igo liteke Erriberan.
Gaur ere, hortaz, giro eguzkitsua eta beroa espero da. Tenperatura altua izango bada ere, ez da izango atzokoa baino beroagoa. Zerua oskarbi egongo da orokorrean, baina arratsaldetik aurrera tarteka hodeitsu ager daiteke; hodei horiek ez dute bestelako ondoriorik ekarriko.
Ostiralean hodeiak eta urdinguneak izango dira zeruan. Ostarteak lainoak baino gehiago izango dira, baina egunaren amaieran hodeitza handitu egingo da. Tenperatura jaitsiko da, baina beroa egingo du oraindik; maximoak kostaldean 25 ºC-tik gorakoak izango dira, barnealdean 30 ºC ingurukoak.
Larunbatean Nafarroako erdialdean eta hegoaldean eta baita Arabako hegoaldean ere eguraldi eguzkitsua espero da. Goizean iparraldean, Kantauri isurialdean batez ere, zerua oso hodeitsu egongo da eta han-hemenka zirimiria egin dezake; arratsaldean hobetzera egingo du hor, zerua hodei gutxirekin geratzeko joerarekin. Ipar-haize ahula ibiliko da eta tenperaturak behera egiten jarraituko du.
Larunbatetik aurrera, igandean lainoak ugarituko dira, baina ez du euririk botako eta astelehenetik aurrera hobera egingo du eguraldiak.
Kontsultatu eguraldiaren iragarpena eitb.com-en eta bidali argazkiak Udablogera.
Bideoak (1)
Informazio gehiago (3)