Itxi

Iragarpena

Hodeiak eta zirimiria egiteko aukera

Erredakzioa

2010/08/27

Ostiralak aurrera egin ahala, hodeiak ugaritu egingo dira eta zirimiria egin dezake kantauri isurialdean. Asteburua, baina, eguzkia nagusi dela amaituko da.

Bero handia izan dugu azken bi egunotan, baina badirudi atseden bat izango dugula. Euskalmet meteorologia agentziak egindako iragarpenaren arabera, ostiral honetan tenperatura atseginagoa izango da, fronte bat pasako baita eta haizeak ipar-mendebaldera egingo baitu frontea pasa ostean.

Goizean eta arratsaldearen hasieran ostarteak edukiko ditugu oraindik zeruan baina egunaren amaieran hodeitza handia izango da; kantauri isurialdean hodei mardulak pilatuko dira eta zirimiria egin dezake. Tenperatura maximoak jaitsiko dira nabarmen eta Arabako hegoaldean eta Nafarroako erdialdean eta hegoaldean baino ez dute 30 ºC-ren muga gaindituko.

Larunbata

Larunbatean eguraldi eguzkitsua espero da hegoaldean. Goizean iparraldean, kantauri isurialdeko eskualdeetan batez ere, zerua oso hodeitsu egongo da eta han eta hemen euri txikia egin dezake; arratsaldetik aurrera ateri mantendu eta ostarteak zabalduz joango dira, zerua hodei gutxirekin geratu arte. Iparraldeko haize ahula ibiliko da. Tenperatura maximoak 30 ºC azpikoak izango dira, iparraldean 25 ºC baino freskoagoak.

Igandea

Euskalmeten arabera, igandean eguzkia gailenduko da berriro gure lurraldean. Goizean goiz hodei batzuk egongo dira zeruan, baina goizean zehar desegingo dira eta giro argia edukiko dugu hortik aurrera. Haizeak ipar-ekialdetik joko du eta, giro eguzkitsua eduki arren, tenperaturak ez du aldaketarik jasango, beraz. Tenperatura minimoek bai egingo dutela behera.