Cargando...
Itxi

Iragarpena

Eguzkia eta beroa asteazkenera arte EAEn

Erredakzioa

2010/08/30

Astelehenean zerua urdin izango dugu ia egun osoan, asteartean bezala, baina asteazkenean hodeiak garatuko dira eta egunaren amaieran zaparrada trumoitsuren bat botako du.

Astelehenean, goizean goiz behe-lainoa izango dugu barnealdean eta kostaldean tarteka hodeitsu azalduko da, baina goizean jaso egingo du, Euskalmeten arabera. Gainontzeko orduetan zerua urdin izango dugu. Ipar-ekialdeko haizeak tenperatura kostaldean 25 graduren azpitik gelditzea eragingo du, eta barrualdean 30 gradu inguruan izango da.

Eguzkiarekin jarraituko dugu asteartean. Goizaldean behe-lainoak izango ditugu barrualdean, baina goizean desegingo dira eta zeru urdinak izango ditugu. Arratsaldean goi-hodeiak ugarituko dira eta barrualdean bero-hodeiak garatu daitezke. Tenperatura pixka bat igoko da, baina goizaldean termometroak 5 gradutara jaitsiko dira Araba eta Nafarroako zenbait tokitan.

Beroa eta trumoi-ekaitzak asteazkenerako. Goizean giro lasaia izango dugu eta erdi mailako hodei eta goi-hodei gutxi batzuk izango ditugu. Arratsaldean hodeiak garatuko dira eta egunaren amaieran zaparrada trumoitsuren bat botako du. Tenperatura maximoa 30-35 gradu inguruan izango da, baina arratsaldean beroa jasangarriagoa izango da.

Kontsultatu eguraldiaren iragarpena eitb.com-en eta bidali argazkiak Udablogera.