Cargando...
Itxi

Iragarpena

Zeru urdina asteazkena arte eta tenperaturak goranzko bidean

Erredakzioa

2010/09/13

Goizaldean behe-lainoa izan arren, zerua garbi izango dugu asteazken arratsaldera arte; hodeiak sartzen hasiko dira orduan.

Gaur, astelehena, goizaldean hodeiekin esnatuko gara, baina goiza aurrera joan ahala desegingo dira eta arratsaldean eguzkia nagusituko da, Euskalmeten arabera. Barrualdean, zerua garbi agertuko da goizaldeko behe-lainoen ostean. Tenperaturak gora egingo du apur bat eta 23-25 gradu inguruan izango dugu; Ebroko bailaran pixka bat altuagoa izango da.

Asteartean zeru urdina izango dugu lurralde osoan, eguzkiak goizaldean barnealdeko zenbait haranetako behe-lainoak berehala xurgatuko dituelako. Bero handiagoa egingo du egunez eta termometroak 30 gradura gerturatuko dira Nafarroan. Goizaldean fresko egingo du eta minimoak 5-10 gradu inguruan izango dira barrualdeko hainbat zonaldetan.

Asteazken goizean zerua garbi izango dugu, baina arratsaldean, iparreko haizeak itsasaldetik kostaldera behe-hodeiak iristea eragingo du. Barrualdera goi-hodeiak iritsiko dira arratsaldean. Tenperaturak ez du aldaketa handirik izango.