Itxi

Iragarpen meteorologikoa

Udazken giroa nagusi, larunbatera arte

EITB.EUS

2017/08/10

Aroak hobetzera egingo du, eta iganderako eguraldi eguzkitsua izatea espero du Euskalmetek.

Udazkeneko giroak larunbatera arte iraungo du. EFE

Ostegun honetan, giro grisak ez gaitu utziko, eta udazken itxurako eguraldiarekin jarraituko dugu, zeru estaliak eta euria lagun ditugula. Tenperaturek fresko antzera jarraituko dute.

Gaur, osteguna, giro nahasi eta freskoarekin jarraituko dugu. Isurialde atlantiko osoan, hodei ugari izango dugu, eta zaparradak botako ditu tarteka, sarriago eta ugariago ekialdean eta goiz partean. Arratsaldean, atertzera egingo du. Ipar-mendebaldeko haizea ibiliko da, Ebro ibarrean bizi, eta tenperaturan ez da aldaketarik egongo. Hala, beroenak 20 gradu ingurukoak izango dira, eta hotzenak, 12-15 ºC artekoak.

Ostiralean, eguraldiak egonkortzera egingo du. Dena den, ipar-mendebaldeko haizearekin eta hodei askorekin jarraituko dugu. Isurialde atlantikoan, hodei gehiago pilatuko da, eta euri apur bat egin dezake goizaldean eta goizean goiz, batez ere ekialdean. Arratsaldean, ostarte zabalak irekiko dira hego partean, eta hodei gehiago izango da ipar partean. Termometroek gora egingo dute, eta 21-23 ºC-raino igoko dira.

Larunbatean, aroak nabarmen egingo du hobera. Goizaldean eta goizean goiz, behe-hodei batzuk sor daitezke, bereziki ipar partean, baina zerua hodei gutxirekin egongo da gainerako orduetan. Haizea ipar-ekialdetik finkatuko da goizean. Tenperatura maximoek gora egingo dute, eta 21-26 ºC artekoak izango dira. Goizaldea hotza izango da barnealdean, eta minimoak 5-6 ºC-ra jaits daitezke Arabako zenbait lekutan.

Joerak igande eguzkitsua aurreikusi du. Zerua oskarbi egongo da, eta tenperaturek gora egiten jarraituko dute.