Itxi

Eguraldiko bitxikeriak

San Martinaldia gurean dugu, aurten ere

J. E.

2010/11/12

Azaroaren 11n, San Martin egunean, egun batzuez astindu gaituen denboralea amaitu zen; AEMETen arabera, orain joko duen hego haizeak "uda txiki" edo "uda-hondar" hori sortzen du.

San Martinaldia, eguraldiari lotutako beste zenbait sinesmen bezala, eztabaida iturria da. Batzuen ustez, azaroaren 11 (San Martin eguna) heltzearekin batera udazkeneko egun atsegin batzuez gozatzeko aukera izaten da; beste askoren ustez, berriz, hori kasualitatea besterik ez da, ez baitago arrazoirik pentsatzeko ez duela euririk egingo edo giro hotzik ez dugula izango. eitb.com-ek Miguel Angel Manjon adituarekin hitz egin du. AEMET Estatuko Meteorologia Agentziak Euskal Autonomia Erkidegoan duen meteorologia teknikari honen arabera, San Martinaldia bezalako sinesmenak "jendeak meteorologiaren beharra zuenean" hasi ziren.

Zer esan nahi du "behar" horrek? Estatuko Meteorologia Agentziaren teknikariaren esanetan, "gaur egun, gutxi gorabehera, seguru gaude, eta fenomeno meteorologikoek ez gaituzte gehiegi izutzen, baina antzina lehorte luze batek zure seme-alabek jatekorik ez izatea eragin zezakeen, meteorologia behar zuten uztak noiz hasi behar zituzten jakiteko, adibidez", esan du. Bere iritziz, horregatik hedatu dira hainbeste horrelako sinesmenak, "landa-guneetan, bereziki".

Aurten ere, gurean dugu. Hego haizea nagusituko da ondorengo egunetan, eta, ondorioz, giro epela eta lehorra izango dugu, nahiz eta azaroaren ia erdialdean egon. "Udazkenean Atlantikotik heltzen zaizkigun depresioek hego osagaiko haizeekin bat eginez gero, tenperatura beroagoa izaten da, eta euri gutxi egiten du, edo bat ere ez", azaldu du. 2008an, aldiz, "ez genuen uda txikirik izan, ez San Martinaldirik ezta San Migelaldirik ere, irailetik abendura arteko hilabeteak bustiak izan baitziren. 2009an, egoera aldatu egin zen, eta 20 graduko maximoak jaso zituzten egun haietarako. 2010ean, tenperaturak muga horretatik oso gertu ibiliko dira. Ez du inolako zerikusirik asteazkenera arte astindu gaituen denboralearekin.

Fidagarritasunik ez

Adituek, Miguel Angel Manjonen arabera, ez diete fidagarritasunik ematen "San Martinaldia" bezalako sinesmenei, baina, Manjonen ustez, oinarria badute. "Horien jatorria bizi-esperientzian dago", zenbait urtetan zehar ikusitako seinaleetan. "Baina gu, meteorologook, ez gara lanera joaten urteko zein egun den pentsatzen", azpimarratu du, zalantzarik balego, gauzak erabat argitzeko.