HOTZ-BOLADA
Elurrak Euskal Herriko bazter guztiak zuritzea espero da asteazken honetan
eitb.eus
2019/01/28
Prezipitazioak ugariagoak izango dira 07:00etatik 09:00etara. Eguerditik aurrera elur gutxiago botako du.
Your browser doesn’t support HTML5 video
Elurrak Euskal Herriko bazter guztiak zuritzea espero da asteazken honetan. Horrela, goizaldeko 03:00etatik aurrera hiriburuetara eta kostaldera heltzea espero da.
Kamioiek ezkerreko erreitik zirkulazioa debekaturik dutela gogorarazi du Eusko Jaurlaritzako Trafiko Zuzendaritzak, elurra kentzeko makinek eta larrialdietarako ibilgailuek arazoei aurre egin ahal izateko.
Posible den neurrian errepidera ez ateratzeko gomendioa eman du Trafiko Zuzendaritzak. Era berean, kontuz gidatzea eta Ertzaintzaren aginduei jaramon egitea eskatu du.
Bestalde, asteazken honetan, 07:00etatik 09:00etara, kamioilariei errepidera ez ateratzea eskatu die Segurtasun Sailak; izan ere, tarte horretan beharginak lanera bidean izango dira eta prezipitazioak ugariagoak izatea espero da. Horrela, istripuak eta auto-ilarak saihestu nahi dituzte agintariek.
Toki garaietara abiatu baino lehen, errepideen egoera eta eguraldiaren inguruko azken iragarpenaren berri izatea gomendatu dute. Horretarako, Eusko Jaurlaritzaren 011 telefonora deitzeko aukera dute gidariek, ala Euskalmeten ataria edo Twitter kontua kontsultatu.
Alerta laranja
Eusko Jaurlaritzako Segurtasun Sailak alerta laranja ezarri du elurragatik asteazken honetarako: 03:00etan jarriko dute abian eta 15:00ak arte egongo da indarrean. Elur-maila 0 eta 100 metro artean ibiliko da egunaren lehen zatian, eta gora egingo du arratsaldean, 1.000 metrotik gora egingo baitu elurra; gauean, berriz, 1.500 metrora. Prezipitazio arinak edo moderatuak izango dira, eta barnealdean maizago izan daitezke. Gainera, izotz arina ere espero da, batez ere barnealdean. Hauek dira aurreikusitako lodierak: 2-10 zentimetro 1.000 metrora, 2-8 zentimetro 600 metrora eta 2-5 zentimetro 200 metrora.
12:00etatik aurrera, bertan behera geldituko da alerta laranja, eta abisu horia ezarriko dute barnealdean 18:00ak arte elurragatik. Elur-kota 300-400 metro inguruan egongo da ordu tarte horretan. Arratsaldean, igo egingo da, 800-1.000 metro ingurura, eta gauean, esan bezala, 1.500 metro ingurura. Prezipitazio txikia egingo du. 12:00etatik aurrera, lodiera hauek izatea aurreikusi dute: 0-5 zentimetro 1.000 metrora, 0-2 zentimetro 600 metrora eta 0 zentimetro 200 metrora.
Bestalde, Segurtasun Sailak abisu horia ezarriko du bihar haizeagatik haizeguneetan 06:00etatik 22:00etara. Hego-ekialdeko haize-boladak orduko 100 kilometro ingurukoak izan daitezke mendi inguruetan, bereziki ekialdean.
Halaber, abisu horia ezarriko dute haizeagatik haizeguneak ez diren tokietan, Gipuzkoan eta Araban, 06:00etatik 22:00etara. Hego/hego-mendebaldeko haize-boladek orduko 80 kilometroko abiadura gaindi dezakete haizeguneak ez diren tokietan, bereziki ekialdean.
Segurtasun Sailak errepideetarako neguko plana martxan jarriko du gauerdian; izan ere, 03:00etatik 12:00etara kostaldean eta hiriburuetan zuritu dezake.
Esan bezala, 07:00etatik 09:00etara prezipitazioak ugariagoak izango dira. Eguerditik aurrera elur gutxiago botatzea espero da, baina Arabako Lautadan eta Arabako Errioxan tenperatura oso hotzak izango dira arratsaldean eta han-hemenka izotz beltza bota dezake (gidarientzako ia ikusezinak diren izotz geruza meheak).
Elurra kentzeko 124 makina Nafarroan
Bestalde, Nafarroako Gobernuak elurra kentzeko 124 makina prest ditu, asteazkeneko lehen orduetan izango diren elurteei aurre egiteko. Foru Erkidego osoan zuritu dezake eta iragarpenak aurreratu duenez, Nafarroa alerta laranja egoeran izango da.
Hegoaldean elur gehiago pilatzea espero da, hasieratik botako baitu, Tuteran eta Lizarran esaterako. Hala ere, egunean zehar elurra Nafarroa osora helduko da.
Foru Gobernuak ohartarazi duenez, prezipitazioak ugariagoak eta mardulagoak izango dira 06:00etatik aurrera, lanaldiaren hasierarekin eta bidaiekin batera. Goizean elur-kota 200 edo 300 metrotan kokatuko da, eta arratsaldean gora egingo du, 900-1000 metrotara arte.
Elur plana martxan jarri dute Iruñean
Gainera, Iruñeko Udalak elur plana martxan jarri du. Horrela, giza baliabideak, materialak eta makinak prest dituzte Iruñean.
Udalak agiri batean azaldu duenez, giza baliabideei dagokienez, Udaleko langileez gain, Gurutze Gorriko eta DYAko boluntarioen laguntza izango dute, beharrezkoa balitz.