Eguraldia
Hotzak lehenengo elurteak ekarri ditu
Erredakzioa
2010/11/26
Beharrezkoa da kateak erabiltzea Nafarroako hiru mendatetan eta bigarren mailako errepide batean, izan ere, elur-kota 400 metrora jaitsi da. EAEn, elurra agertu da baina ez du arazo nabarmenik eragin.
Azken orduotan eroritako elurrak arazoak eragin ditu Nafarroako errepideetan batez ere. Hori horrela, beharrezkoa da kateak erabiltzea hiru mendatetan eta bigarren mailako errepide batean, Foru Gobernuak jakitera eman duenez.
Urkiagan (NA-138 errepidean), Artesiagan (NA-1740) eta Belaten (NA-1210) erori dira elurte handienak.
Gainera, NA-137an ere beharrezkoa da kateak erabiltzea 33. kilometrotik, Izabatik, aurrera eta bidea itxita dago 51. kilometrotik aurrera.
Atzo bezalaxe, Nafarroan alerta laranja jarri dute elurteengatik, izan ere, elurra erortzeko probabilitatea % 40 eta % 70 artekoa da 400-500 metrotik gora. Pirinioetan 10 zentimetroko kapa eroriko eta 8 zentimetroko Iruñea inguruan eta Kantauri isurialdean.
EAEn, elurra gutxiago ari da agertzen. Araban bota du gehien, baina zirkulazioan ez du eragin nabarmenik. Herrizaingo Sailak dio dagoeneko ez dela beharrezkoa kateak erabiltzea Opakua mendatean. Barrerillan, Urduñan, Herreran, Altuben eta Arlabanen ere elurra egin du.
Gipuzkoan, berriz, Etxegaraten, Lizarrustin, Otzaurten eta A-15ean Andoainen.
Iragarpena
Egunaren lehenengo partean giro bustiarekin jarraituko dugu, gainera itsasotik hurbil zaparradak trumoitsuak izan daitezke. Elur-kota 600 m inguruan kokatuko da. Arratsaldean egoera hobetzen joango da, atertuko du eta ostarteak zabalduko dira. Iparraldeko haize ahul-bizia ibiliko da eta tenperatura maximoak 10 ºC-tik behera geratuko dira kostaldean eta 5-6 ºC inguruan barnealdean.
Larunbatean euri arriskuarekin jarraituko dugu. Oraingoan euria kantauri isurialdera mugatuko da, bereziki itsasertzera. Ostarteak zabalduko dira, barnealdean batez ere, bertan giroa argiagoa izango da. Elur-kota 600-800 metro inguruan kokatuko da. Tenperaturan aldaketarik ez; barnealdeko hainbat lekutan izotza botako du.
Igande goizean euria egingo du berriro, baina arratsaldean egoera lasaiagoa izango da. Elur-kota 700-800 m inguruan kokatuko da. Arratsaldean ostarteak ugaritzen joango dira eta gauean garbi samar geratuko da zerua. Mendebal-osagaiko haize ahul-bizia ibiliko da. Tenperatura maximoak pixka bat igoko dira baina minimoak baxuak izango dira, barnealdean izotza botako du.
Kontsulta ezazu eguraldiaren iragarpena eitb.com-en eta gozatu ezazu paisaien argazki ederrenetaz Eguraldiblog-ean.
Informazio gehiago (2)