Sakonean
Nolako uda dator?
Onintze Salazar
2018/07/23
Izaten ari garen udaberri "kazkar" honen ondorioz, mundu guztia dago iragarpenei adi eta galdera bakarrak hartu gaitu: noiz arte egoera hau?
Urtero bezala sasoi honetara gerturatzen garenean, eta bereziki udaberri "kazkarra" izaten dugunean, nolako uda izango dugun jakin nahi dugu. Baina jakin nahi izatea eta jakin ahal izatea ez datoz kasu honetan eskutik lotuta.
2018 urtea hasi denetik ohi baino euri gehiago egin du, batez besteko balioa baino %30-40 gehiago. Tenperaturari dagokionean, soilik apirila etorri da beroago, gainerako hilabeteak hotzak izan dira, maiatza barne. Maiatzean, hala ere, ez du ohi baino euri gehiago bota, Nafarroa erdi eta hegoan izan ezik. Gure pertzepzioa, ordea, bestelakoa da. Zer gertatzen ari da?
Azken asteotan, eta egunotan, "antizikloi-blokeo" deritzon egoera baten menpe gaude. Europa iparrean antizikloi sendo eta zabal bat kokatu da eta aire masa hotzak gure latitudeetatik pasatzera behartzen ditu, ezegonkortasuna eta tenperatura freskoagoak ekarriz. Eta ez soilik gurean. Penintsula osoan eta Frantzia hegoaldean ere ia etengabeak dira trumoi-ekaitzak.
Tenperaturaren anomalia, 2018ko maiatzak
Dezente hotzagoa den Europa iparrean, aldiz, udaberri eguzkitsu eta oso beroa izaten ari dira. Norvegia eta Suedian, adibidez, beroak markak hautsi ditu aurten. Eta hori guztia antizikloia gain-gainean dutelako.
Blokeo egoera hori ezaguna eta ohikoa da. Ez-ohikoa da, ordea, hainbeste luzatzea denboran. Eta antizikloia mugitzen ez den bitartean, etengabe sartuko zaizkigu ezegonkortasun egoera horiek eta tenperatura ez da behar beste igoko.
Eta noiz mugituko da antizikloi hori? Epe ertainerako ereduek ez dute aldaketa nabarmenik ikusten datozen egunetarako. Epe luzeagorako iragarpenen fidagarritasuna asko jaisten bada ere, ekainaren 15-16tik aurrera tenperaturaren gorakada eta egoeraren egonkortasun bat aurreikusten da.
Gainazaleko presio atmosferikoaren anomaliaren iragarpena 2018ko ekainaren 5etik 10era
Hortik aurrera, ezer gutxi esan daiteke, nahiz eta bereziki udari begira behin eta berriro eskatu ea ezin dugun zerbait aurreratu. Epe luzeko iragarpenek, beste mota bateko ereduak erabiliz, anomaliak ematen dituzte. Hau da, hilabete bakoitza ohi baino beroagoa (ala euritsuagoa) izango den, ohi baino hotzagoa (ala lehorragoa) datorren ala batez besteko balioetatik hurbil ibiliko den. Beraz, iragarpen horiek egin egiten dira. Zergatik orduan ez ditugu zabaltzen? Erantzuna, argia bezain sinplea da: fidagarritasun faltagatik.
Estatu Batuetako NOAA eta Erresuma Batuko MetOffice zerbitzuek, adibidez, epe luzerako ereduen emaitzak eskura jartzen dituzte sarean. Baina batzuen eta besteen artean maiz izaten diren desadostasunek argi erakusten dute fidagarritasun nahiko ez dutela. Aurten ere, halaxe gertatu da: uztailerako eta abuzturako egiten diren iragarpenetan ez datoz bat.
Badakigu interes handia dagoela udaren inguruan egon daitezkeen iragarpenak ezagutzeko, baina, momentuz, aukera bakarra dago. Itxaron egin behar; uda iritsi eta zer gertatuko den ikusteko, edo urte batzuk (akaso asko) iragarpenak hobetu eta fidagarritasuna dezente igo arte.
Hori bai, ez gaitezen aztoratu hedabideetan eta sare sozialetan bolo-bolo dabiltzan "desinformazio" horiekin; ez dute zientziarekin zerikusirik, nahiz eta oso mamitsuak izan.