Itxi

Iragarpena

Haize gogorra eta euria noizbehinka, asteburuan

Erredakzioa

2011/01/07

Alerta horiak indarrean jarraitzen du hego-haize bolada gogorrengatik, baina iganderako egoera normaldu egingo da. Euria egingo du, igandetik aurrera batez ere.

Asteburuan ere hego-haize bolada gogorrekin jarraituko dugu, baina indarra galtzen joango da asteburuak aurrera egin ahala, eta gaur arratsaldean lainoak arintzen joango dira eta euria noizbehinka soilik egingo du, Euskalmetek iragarri duenez.

Eusko Jaurlaritzaren Meteorologia zerbitzuak abisu horia ezarri du gaurko eta biharko haziteagatik..

Gaur hego-haizea zakar ibiliko da oraindik. Goizean giroa ilunagoa izango da eta tarteka euri apur bat egin dezake; arratsaldetik aurrera hodeiak desegingo dira eta ateri egongo da orduan. Haize-bolada oso gogorrak espero dira, bai kostaldean bai Kantauri mendilerroko mendi inguruetan. Tenperaturari dagokionez, gradu pare bat freskoagoa izango da.

Larunbata aurrera joan ahala hego/hego-mendebaldeko haizeak ahultzera egingo du eta egunaren amaieran indar barik ibiliko da jada. Zeruan hodeitza aldakorra espero da eta orokorrean euria egingo ez duen arren, goizean eta azken orduetan hodeitsuago egongo da eta tanta batzuk bota ditzake; gainontzeko orduetan ostarte ederrak zabalduko dira. Tenperatura maximoak 13-18 ºC artekoak izango dira, altuenak kostaldean eta freskoenak Araban.

Igandean aldaketa handia jasango du eguraldiak, tenperatura hotzagoekin eta euriarekin ere bai. Zerua estalia mantenduko da eta euria egingo du, batez ere egunaren bigarren partean. Haizea ipar-mendebaldera aldatuko da eta horregatik tenperaturak beherakada pairatuko du; dena dela, maximoak ez dira hotzegiak izango. Mendirik altuenetan elurra egingo du.

Astelehenetik aurrera, eguraldiak hobera egingo du eta ostarteak nagusituko dira, beraz, ez dute prezipitaziorik iragarri.

Kontsulta ezazu eguraldiaren iragarpena eitb.com-en eta bidal eta ikus itzazu paisaia, natura edota zeru ederren argazkiak eguraldiblogen.