IRAGARPENA
Abisu horia ezarri dute gaurko, olatuengatik eta haizeagatik
AGENTZIAK | ERREDAKZIOA
2018/11/10
Eusko Jaurlaritzako Segurtasun Sailak hainbat abisu hori aktibatu ditu datozen bi egunotarako; esaterako, kostaldeko kalteak edo haize-boladak direla eta.
Eusko Jaurlaritzako Segurtasun Sailak abisu horia aktibatu du ostiral honetan itsasaldeko arriskuagatik lehenengo bi milietan, 03:00ak eta 15:00ak bitartean. Oro har, 3 eta 3,5 metro arteko olatuak izatea espero dute.
Halaber, 3,5 eta 4 metro arteko olatuek eragin ditzaketen kalteak direla eta, abisu horia aktibatu dute 04:00etatik 06:00etara , baita 16:30etik 18:30era ere.
Larunbatean ere, abisu horia ezarri dute haizeagatik haizeguneetan, 00:00etatik 09:00etara. Hego-osagaiko haize-boladek orduko 100 eta 110 kilometro arteko abiadura gainditu dezakete haizeguneetan, bereziki mendebaldean eta mendi inguruetan. Haizea indartsuagoa izango da goizaldean.
Bestalde, 00:00etatik 09:00etara, orduko 80 kilometro inguruko haize-boladak izango dira Bizkaian, haizeguneak ez diren lekuetan, eta 60 eta 80 kilometro ingurukoak, Gipuzkoan eta Araban. Haizea indartsuagoa izango da goizaldean.
Ostiralean Abisu Horia olatuengatik nabigaziorako, kostaldeko kalteengatik itsasgoren inguruan eta gauean haizeagatik. Larunbat goizaldean eta goizean goiz, Abisu Horia haizeagatik.#AbisuHoria #haizea #olatua #ItsasUholdea pic.twitter.com/aouXk1fldo
— Euskalmet (@Euskalmet) 8 de noviembre de 2018
Iragarpena
Euskalmetek iragarri duenez, ostiralean, zerua hodeitsu agertuko da eta oso hodeitsu geratzeko joera izango du egunaren bigarren partean. Euri txikia egingo du, zenbait lekutan ertaina, bereziki goizaldean. Goizaldean, mendebal/hego-mendebaldeko haize ahul-bizia ibiliko da, bolada gogorrekin eta oso gogorrekin kostaldean. Goizean, hego-mendebaldeko haizea nagusituko da, eta bolada gogorrak eta oso gogorrak espero ditugu egunaren bigarren partean, bereziki mendebaldean. Tenperatura minimoak gutxi igoko dira eta maximoetan ez da aldaketarik espero.
Larunbatean, giroak berdintsu jarraituko du: zerua hodeitsu edo oso hodeitsu egongo da. Euri txikia egingo du, zenbait lekutan ertaina, eta gauean atertzera joko du. Hego-mendebaldeko haize ahul-bizia ibiliko da, bolada gogorrekin eta oso gogorrekin; egunaren bigarren partean, baretzera egingo du. Tenperatura igo egingo da: gutxi edo nahikoa minimoak eta gutxi maximoak.