Cargando...
Itxi

Eguraldia

Giro eguzkitsua eta tenperatura atsegina asteazkena arte

Erredakzioa

2011/03/05

Maximoek 15 ºC-ak gaindituko dituzte kostaldean. Hala ere, eguneko lehen orduetan behe-lainoa eta tenperatura baxua nagusituko dira, zenbait lekutan zero azpitik.

Igandean giro dotorea nagusituko da. Euskalmeten arabera, eguzkia jaun eta jabe izango da lurralde osoan eta egun osoz. Goizean goiz tenperatura hotzak neurtuko dira eta behe-lainoa sortuko da barnealdeko bailaretan.

Gerora, behe-lainoa jaso eta tenperatura balio gozoetara igoko da; beroenek kostaldean 15 ºC-ren muga gaindituko dute eta barnealdean 15 ºC-ra hurbilduko dira.

Astelehenean aroak ildo beretik jarraituko du. Giro eguzkitsua gailenduko da eta tenperaturan ez dugu aldaketa nabarmenik sumatuko. Hego-ekialdeko haizea nagusituko da eta beraz, balio gozoak neurtuko dira ordurik epelenetan.

Goizean goiz, aldiz, zeroz azpitik kokatuko da termometroa berriro ere barnealdeko bazterretan, eta behe-lainoa sortuko da zenbait tokitan.