Itxi

EAEn

Haizeagatik ezarritako abisu horia astelehenera arte luzatu dute

AGENTZIAK | ERREDAKZIOA

2019/10/13

Abisua 06:00etatik 15:00ak arte egongo da indarrean. Udazken giroa bueltan dugu: zaparradak botako ditu, eta tenperaturak behera egingo du.

Haize-bolada handiak espero dira astelehen honetarako EAEn. Argazkia: EFE / Donostia

Igande honetarako haizeagatik EAEn ezarritako abisu horia astelehenera arte luzatu du Euskalmet Euskal Meteorologia Agentziak. Abisua 06:00etatik 15:00ak arte egongo da indarrean. 100 km/h-rainoko haize-ufadak espero dira mendi-zonaldeetan, eta haizeguneak ez diren zonaldeetan, berriz, 80 km/h-rainoko haize-boladak izan daitezke.  

Astelehenari begira, udazken giroa murgilduko gara berriro ere. Egunaren lehen partean, hegoaldeko haizearekin, tenperatura epel samarra izango da, 20 eta 25 ºC artean ibiliko da, baina goizean bertan hodeiak ugarituko dira eta lehenengo zaparradak botako ditu. Eguerditik aurrera okerrera egingo du, haizeak ipar-mendebaldera egingo du eta fronte hotz batekin, euri-zaparradak denera zabalduko dira eta behera egingo du tenperaturak.