Tenperaturek behera egin dute
Enbatak ez du aparteko arazorik sortu Euskadin
Erredakzioa
2011/06/28
Bizkaitik, mendebaldetik hasi da sartzen haize freskoa, 17:00ak aldera, baina aldaketa ez da izan horren bortitza. Gipuzkoako kostaldera pare bat ordu geroagora arte ez da heldu freskotasuna.
Your browser doesn’t support HTML5 video
Erdizka bete dira aurreikuspenak. Freskatu du bai azkenean, baina ez espero bezain azkar eta bat-batean.
Bizkaitik, mendebaldetik hasi da sartzen haize freskoa, arratsaldeko bostak aldera, baina aldaketa ez da izan horren bortitza. Gipuzkoako kostaldera pare bat ordu geroagora arte ez da heldu freskotasuna.
Hegoaldera ere gozatu du giroa, baina kasu honetan hegotik sartu diren ekaitzengatik.
Galean eta Ereagan 70 kilometro orduko haize boladak izan dira eta Karrantzan kazkabarra bota du.
Bero handia eguneko lehen partean
Gaur ere termometroek 40º inguruan jarraitu dute hainbat puntutan, eguneko lehen erdian.
Euskalmetek igandean mende honetan ekainean egin duen handiena dela azaldu du. EAEko estazio automatikorik gehienetan igandean zehar tenperaturak erregistratzen dituztenetik altuenak jaso zituzten.
Barnealdean jaso ziren tenperaturarik altuenak ondokoak izan ziren: Laudion 41.6º, Eitzagan 41.1º, Altzolan 41.2º eta Balmasedan 41.5º. Kostaldean, berriz, Zarautzen 39.6º edo Lasarten 40.1; gainerako guneetan ere tenperatura maximoak 36º baino altuagoak izan ziren. Igande hau, beraz, hamarkadako egunik beroenen artean dago.
Datozen egunak
Datozen egunetarako aurreikuspenaren arabera, aldaketa dator. Bihar asteartea, fronte ahul bat iritsiko zaigu eta termometroak 20-25 ºC-ren artean geldituko arratsaldeko lehen orduetan. Goizaldean trumoiak jo dezake han-hemenka eta ondoren frontea iristearekin batera, itsasaldetik hodeiak sartuz joango dira eta euri txikia utziko dute.
Asteazkenean Termometroak behera egingo du eta eguneko altuenak 19-21 ºC artean geldituko dira. Zeru-gainean hodeiak gailenduko dira eta noizbehinka euri txikia uzten jarraituko dute.
Beroari aurre egiteko gomendioak
Babes Zibilak zenbait gomendio eman ditu bero handiari aurre egiteko. Horien artean, ahal den neurrian kalera ez ateratzea eta eguzkitan ez jartzea. Likidoak sarri edatea ere komeni da.
Eguerdi aldera kanpoan ariketa fisikorik ez egiteko ere eskatzen dute. Jatekoari dagokionez, otordu arinak eta maiz egitea gomendatzen dute, ur, gatz mineral, fruta eta barazki ugarirekin.
Ikusi erabiltzaileek bidaltzen dizkiguten argazkiak.
Bideoak (2)
Informazio gehiago (1)