Itxi

Eguraldiaren iragarpena

Eguraldiak okerrera egingo du arratsaldetik aurrera

Erredakzioa

2011/07/16

Gauean Kantauri isurialdean lehenengo euri zaparradak ikusi ahal izango dira, nahiz eta tenperaturek 25-30º inguruan jarraituko duten. Igande arratsaldean euriak etenaldia emango du.

Gaur egunaren amaieran eta fronte bat hurbiltzen doan heinean zerua lainotuz joango da eta gabean aurreneko euri-zipriztinak botako ditu, baina ordura arte giro polita izango dugu, Euskalmet euskal meteorologia agentziak iragarri duenez. Egunaren zatirik handienean zerua hodei gutxirekin egongo da eta tenperatura apur bat gehiago igoko denez, zenbait puntutan bero puntua harrapatuko du termometroak, beroenak 25 eta 30 º artekoak izango dira. Arratsaldetik aurrera haizeak ipar-mendebaldera egingo du, hurrengo orduetan aldaketa etorriko den adierazle.

Igandean fronte batek lurraldea zeharkatu eta bidetik euria utziko digu. Zaparradak denera zabalduko dira baina kantauri isurialdean euria mardulagoa eta ugariagoa izango da. Arratsaldean euri arriskua ipar partera soilik mugatuko da eta gainera bertan ere aterruneak luzeagoak izango dira. Arratsaldetik aurrera hodei geruza ez da hain trinkoa izango da eta Araba zein Nafarroa hegoaldean ostarteak zabalduko dira. Ipar-mendebaldeko haizea harrotu egingo da, bereziki kostaldean non tarteka zakar joko duen. Gaueko tenperaturak gora egingo du, egunekoa aldiz, nabarmen jaitsi eta termometroa 20 º-ren bueltan errendituko da.

Asteari giro nahasiarekin eta aldakorrarekin emango diogu hasiera. Astelehen goizean hodei hondarrak geratuko diren arren, goizak aurrera egin ahala oskarbitzera egingo du eta eguerdi partean giro atsegina eta eguzkitsua geratuko zaigu. Tenperaturak gora egin eta 25 º-ren bueltan errendituko da termometroa. Arratsaldean haizeak ipar-mendebaldera egin eta fronte berri bat gerturatuko denez, lainotu eta gauean euritara joko du eguraldiak. Frontearekin batera, haizea zakartu eta kostaldean bizi-bizi ibiliko da.