Eguraldiaren iragarpena
Aterruneak izango dira arratsaldetik aurrera
Erredakzioa
2011/07/17
Gainera, Araba eta Nafarroa hegoaldean ostarteak zabalduko dira. Edozein kasutan, astea giro oso aldakorrarekin hasiko dugu.
Fronte batek lurraldea zeharkatu eta bidetik euria utziko digu, Euskalmet euskal meteorologia agentziak emandako informazioaren arabera. . Zaparradak denera zabalduko dira baina ipar partean euria mardulagoa eta ugariagoa izango da.
Arratsaldean euri arriskua kantauri isurialdera soilik mugatuko da, bereziki ekialdera, eta gainera bertan ere aterruneak luzatuz joango dira. Arratsaldetik aurrera hodei geruza ez da hain trinkoa izango eta Araba eta Nafarroa hegoaldean ostarteak zabalduko dira. Ipar-mendebaldeko haizea harrotu egingo da, bereziki kostaldean, non tarteka zakar joko duen. Egunekoa tenperatura nabarmen jaitsi eta termometroa 20 º-ren bueltan errendituko da.
Astea giro oso aldakorrarekin hasiko da. Astelehen goizean hodei hondarrak geratuko diren arren, goizak aurrera egin ahala oskarbitzera egingo du eta eguerdi partean giro atsegina eta eguzkitsua geratuko zaigu. Tenperaturak gora egingo du eta altuenak 23-25 º-koak izango dira. Arratsaldean haizeak ipar-mendebaldera egin eta fronte berri bat gerturatuko denez, lainotu eta gauean euritara joko du eguraldiak. Frontearekin batera, haizea zakartu eta kostaldean bizi-bizi ibiliko da.
Asteartean, berriz, egunaren lehen partean giro goibela eta bustia izango dugu, bereziki goizaldean, orduan frontea bete-betean harrapatuko gaitu eta euria mardulagoa izango da. Goizak aurrera egin ahala eta hegoaldean, atertu ez ezik, argitzera ere egingo du. Kantauri isurialdean aldiz, egunean zehar aterruneak luzatuz joango diren arren, zaila izango da guztiz atertzea, bereziki ekialdean. Ipar-mendebaldeko haizea ahuldu egingo da eta giroak freskatze aldera egingo du.