Itxi

Eguraldiaren iragarpena

Uda giroarekin agurtuko dugu azken urteetako uztailik euritsuena

Erredakzioa

2011/07/31

Goizaldean behe-hodei tarteak izango diren arren, gerora zerua laino gutxirekin geratuko da giro atsegina utziz. astelehenean, halere, euritarako joera etorriko da berriro.

Uda giroarekin igaroko dugu igandea eta tenperatura benetan atsegina izango da, Euskalmet euskal meteorologia agentziaren arabera. Goizean behe-hodeien tarteak ikusiko ditugu, kostaldean bereziki eta barnealdeko lautadetan behe-lainoa agertuko da. Gerora, zerua hodei gutxirekin geratu eta ekialdeko haize ahula ibiliko da. Tenperatura maximoak 25 º-ren bueltan geratuko dira bazter askotan eta mediterraneo isurialdean hortik gora kokatuko dira termometroak.

Astelehen arratsaldean eguraldiak euritara joko du baina ordura arte, giro atsegina izango dugu. Zeruan hodeiak egongo diren arren, eguzkiari ez diote traba handirik jarriko eta eguerdi partean termometroa 30 º-ra inguratuko da. Egunak aurrera egin ahala, mendebaldetik, euria dakarten hodeiak ugarituko dira eta zaparradak nonahi botako ditu. Zenbait bazterretan trumoi-ekaitzak bota eta zaparradak mardulak izan daitezke.

Asteartean giro goibela eta nahasia espero dugu. Egun osoan zehar zaparradak nonahi botako ditu eta tarteka trumoiak joko duenez, euri-zaparradak irregularki banatuko dira. Mendebal-osagaiko haizeak joko du, kostaldean biziago eta eguneko tenperatura, astelehenekoa baino 2-3 º baxuagoa izango da.