Itxi

Iragarpena

Eguraldiak hobera egingo du larunbatetik aurrera, Euskadin

Erredakzioa

2011/08/26

Ostiral arratsaldean egoera baretuz joango da, eta larunbat goizean euri-langarra egin arren, arratsaldean ostarteak irekiko dira kostaldean. Igandean, giro eguzkitsua izango dugu.

Ostiraleko lehen zatian zaparrada giroa leku guztietara zabalduko da, batez ere kostaldean, ekaitzak garatuko dira eta txingorra bota dezake, Euskameten arabera. Arratsaldean egoera baretuz joango da. Tenperaturak nabarmen jaitsiko dira eta 20 gradu inguruan ibiliko dira. Ipar-mendebaldeko haizea gogor ibiliko da, batez ere kostaldean.

Larunbatean, goizean, behe-hodeiak eta euri-langarra egiteko aukera izango dugu kostaldean, eta barnealdean zerua ia urdin agertuko da. Arratsaldean, ostarteak irekiko dira kostaldean eta barnealdean hodeirik gabe jarraituko dute. Tenperaturek gora egingo dute, batez ere barnealdean, eta 20-25 gradu inguru ibiliko dira.

Orokorrean, giro eguzkitsua izango dugu igandean. Goizean , goi-hodeiak izango ditugu zeruan, baina horrez gain, eguzkia nabarmenduko da. Arratsaldeko azken orduetan, bero-lainoak garatuko dira, baina ez dute ondoriorik ekarriko. Tenperatura 25-28 gradu inguru ibiliko dira kostaldean eta 28-31 gradu inguru barnealdean.

Ikus itzazu erabiltzaileek bidalitako argazkiak Eguraldiblogen.