Eguraldia
Eguzkia eta beroa protagonista izango dira astelehena arte
Erredakzioa
2011/09/30
Hurrengo egunetan, zeruek oskarbi jarraituko dute. Maximoak 30 ºC-ren bueltan izango dira eta asteartea arte ez dute behera egingo.
Iraila joan bezala sartuko da urria: eguzkia eta beroa nagusi direla. Atzo, osteguna, maximoek 30 ºC-ak gainditu zituzten Euskadiko hainbat tokitan, eta joera horri eutsiko diogu ostiralean ere.
Gauzak horrela, eta Euskalmeten arabera, ostiralean zeruak oskarbi izango ditugu eta Hegoaldeko haizeak gogorrago joko du.
Asteburuan ere eguraldiak ez dauka aldatzeko itxurarik. Zerua txukun egongo da eta bero kontuekin jarraituko dugu, tenperatura altuenak berriz ere 30 ºC ingurukoak izango dira. Hego-ekialdeko haizea indartu eta kostaldean eta mendi inguruetan tarteka zakar samar joko du.
Egoerak bere horretan jarraituko du astelehenean. Lehen hodeiak asteartean agertuko dira eta tenperatura pixka bat jaitsiko da.