eguraldia
Euritik hasiko da astea, eta tenperaturak fresko mantenduko dira
EITB Media
2021/11/15
Eguraldi umela espero da aste hasierarako, baina erdialdetik aurrera hobetzera egingo du.
Eguraldi kaskarra espero da aste hasierarako. Euskalmeten arabera, igandeko giroa izango da datozen egunetarako irizpide, eta tenperaturak, oro har, egonkor jarraituko du aste osoan zehar.
Astea euritan hasiko da, eta Kantauri aldean gehiago botako du. Astelehenean, igandean bezalaxe, hodei dezente egongo dira eta zerua estaliko dute isurialde atlantikoan. Euria egingo du, bereziki ipar partean eta mendebaldeko hainbat lekutan, baina gutxitzera egingo du arratsaldetik aurrera. Nafarroa erdi eta hegoaldean, goizean goiz, euria egingo du, baina, egunaren gainerako orduetan, eguzkia gailenduko da eta hodei solte batzuk baino ez dira ikusiko. Ipar-haizeak gogor joko du, batez ere kostaldetik hurbil eta Ebro ibarrean. Tenperaturak, bestalde, berdintsu jarraituko du, 10 graduren bueltan.
Asteartean, giro goibel eta freskoa izango dugu, eta mendebaldean euria egingo du. Ipar partean, hodeiak oso ugariak izango dira eta euri apur bat egingo du, Gipuzkoan eta Bizkaian bereziki. Nafarroa erdi eta hegoaldean, ostarteak gailenduko dira eta giroa lehorra izango da. Ipar-haizea ez da hain bizi ibiliko, Nafarroa hegoaldean izan ezik; izan ere, ziertzoa zakar ibiliko da bertan, bolada gogorrekin. Tenperaturan, berriz, ez da aldaketa handirik izango.
Eguraldiak hobetzera joko du egunak igaro ahala, eta ostegunerako ateri egongo da. Tenperaturari dagokienez, aldaketa handirik gabe jarraituko du aste osoan, euritsu zein oskarbi egon. Maximoak 13-14 graduren inguruan ibiliko dira hiriburu gehienetan, eta minimoak 5 gradura jaits litezke, Araban eta Nafarroan bereziki.
Eguraldiaren inguruko informazio eguneratua izateko, eitb.eus-en ikus dezakezu noiznahi, eta zure argazkiak bidali.