Alerta horia
Bi pertsona zauritu dira Donostian, olatu batek jota
Erredakzioa
2012/03/09
Euskadi alerta horian dago ostiralera arte, itsasaldeko arriskuagatik. Halaber, larunbatean abisu horia ezarri dute barnealdean izotza sortzeko arriskua dela eta.
Your browser doesn’t support HTML5 video
Gizon bat eta emakume bat zauritu dira gaur Donostiako Salamanca pasealekuaren inguruan, olatu batek jota, Donostiako Udalak jakinarazi duenez.
Istripua 05:30ean gertatu da, Soraluze eta Jauregi Jenerala kaleen artean, Donostiako Alde Zaharrean. Olatu batek bi pertsona harrapatu ditu.
Kolpearen ondorioz, emakumeak hanka apurtu du eta gizonak kolpe bat jaso du buruan.
Olatuek kalteak egin dituzte hainbat ibilgailutan, Udalak zehaztu duenez.
Euskalmetek abisu horiari eutsi dio, olatu handiak izango direlakoan, eta Aemetek, ordea, alerta laranja ezarri du.
Euskalmetek abisu horia mantentzen du olatuengatik, eta Aemetek, ordea, alerta laranja ezarri du.
Halaber, larunbatean abisu horia ezarri dute barnealdean izotza sortzeko arriskua dela eta. Izotza, batik bat goizaldean izango da, Herrizaingo Sailak jakinarazi duenez.
Euskalmet, euskal meteorologia agentziaren iragarpenaren arabera, ostiralean eguraldiak hobera egingo du. Eguerditik aurrera ia lurralde osoan zerua hodei gutxirekin geratuko da. Arratsaldean eguzkia jaun eta jabe izan arren, giroa freskoa izango da, eta maximoek ez dute aldaketa handirik jasango. Tenperatura minimoak jaitsi egingo dira, eta barnealdeko zenbait lekutan izotza egingo du.Larunbatean eguraldi eguzkitsua eta atsegina espero da. Goizean goiz haizea ahul ibiliko da, eta lainoa sor daiteke orduan, baina sortzekotan ere laster desegingo da. Zerua hodei gutxirekin egongo da orokorrean, nahiz eta eguerdian erdi mailako hodeiak eta goi-hodeiak agertu. Hori bai, egunaren amaieran ipar-ekialdetik hodeiak ugaritu egingo dira. Tenperaturan, aldaketa handirik ez; minimoak hotzak izango dira, maximoak, berriz, freskoak.
Igandean moteltzera egingo du eguraldiak. Goizaldean hodeitza handitu eta goizetik aurrera zerua hodeitsu geratuko da; dena den, ez da guztiz estalia egongo eta oskarbiguneak izango dira, barnealdean handiagoak. Euria ere egingo du: egunaren bigarren partean eta kantauri isurialdeko zenbait lekutan zirimiria espero da. Hodeiak ugariagoak izango direnez, tenperatura minimoek gora egingo dute, eta ez du izotzik egingo. Tenperatura maximoak gutxi jaitsiko dira.