Cargando...
Itxi

iragarpena

Larunbateraino egongo da indarrean abisu horia Euskadin, 3 metrotik gorako olatuengatik

agentziak | eitb media

2022/03/04

Abisua larunbateraino luzatu dute, nabigaziorako itsasaldeko arriskuagatik eta kostaldeko inpaktuagatik.

Olatuak, Donostiako paseo berrian. Artxiboko argazkia: EFE

Eusko Jaurlaritzako Larrialdiei Aurre Egiteko eta Meteorologiako Zuzendaritzak larunbateraino aktibatu du abisu horia, nabigaziorako itsasaldeko arriskuagatik eta kostaldeko inpaktuagatik. Izan ere, Segurtasun Sailak jakitera eman duenez, 3 metrotik gorako olatuak izan litezke.

Osteguneko 21:00etan indargabetu ondoren, ostiral honetan berriz ere sartuko da indarrean abisua kostaldeko inpaktuagatik, 04:00etatik 07:00ak arte. Aurreikuspenen arabera, olatu-altuera adierazgarria 2-3 metroen inguruan ibiliko da, eta 05:38etako itsasgorak 4,75 metroko marea sortuko duela estimatzen da.

Arratsaldeko 17:00etatik 19:00ak arte berriro aktibatuko dute abisu horia. Ordu horretarako, olatu-altuera adierazgarria 3-3,5 metroren bueltan egongo da, eta 17:58etako itsasgorak 4,4 metro inguruko marea eragingo du.

Larunbaterako, berriz, 05:00etatik 07:00ak arte egongo da Euskadi abisu horian, 3-3,5 metro inguruko olatu-adierazgarria egongo den ordu-tartean. Bestalde, 06:13etako itsasgoraren eraginez, marea estimatua 4,65 metrokoa izango da.