Itxi

Arratsaldean

Galerna txiki batek tenperatura nabarmen jaistea eragingo du

Erredakzioa

2012/05/10

Ondoren, tenperaturak gora egingo du berriro. Herrizaingo Sailak alerta horia ezarri du "muturreko" tenperatuta dela eta. Termometroak 34 gradura iritsi daitezke kantauri aldean.

Arratsalderako galeran txiki bat espero da kostaldean. Argazkia: Lorentxo Portularrume.

EAEn dagoen tenperatura altuak galerna txiki bat eragin dezake arratsaldean kostaldean, eta ondorioz, tenperatuta jaitsi eta hezetasuna igo egingo da. Hala ere, ez du euririk botako, Margarita Martin Aemeteko lurralde-ordezkariak aditzera emandakoaren arabera.

Martinek esan duenez, galerna txiki hori 16:30ak aldera sortu daiteke eta bi eta hiru ordu arteko iraupena izan lezake. Ondoren, termometroek gora egingo dute berriro eta hego-haizea nagusituko da. Gaua oso epela izango da.

Galerna txikiak 32 eta 33 graduko tenperaturak daudenean sortzen dira. Zerua lainotzea ekarriko du, haizeak gogor joko du, boladaka, eta itsaso bizia izango da, "baina aparteko ondoriorik gabe".

Margarita Martinen arabera, eguraldia aldatu egingo da ostiral arratsaldean, 18:00ak edo 19:00ak aldera, fronte hotz bat sartuko baita. Aldaketa horrek euria eta tenperaturaren jaitsiera "nabarmena" ekarriko du.

Alerta, muturreko tenperaturagatik

Herrizaingo Sailak alerta horia ezarri du "muturreko" tenperatuta dela eta. Termometroak 34 gradura iritsi daitezke kantauri aldean.

Bart tenperatura epelak izan dira EAEko hiriburuetan: Donostian 22 gradu, 20 Bilbon eta 19 Gasteizen. Gaurko 30 gradu inguru espero dituzte Bilbon eta Gasteizen, eta 26 Donostian.