Itxi

Iragarpena

Udaberriko asteburu euritsua dugu aurretik

I.L.K. | EITB Media

2023/05/12

Ostiraleko joerari jarraikiz, hodeiak eta zaparradak izango dira nagusi aste bukaera honetan. Tenperaturak bere horretan mantenduko dira larunbatean, eta goranzko joera azaldu lezakete igandean.

Euskal Herriak bihar izango duen euri kopurua. Argazkia: EITB MEDIA.

Asteburu honetarako, jarraipena izango du azken egunetako giro goibel eta euritsuak. Euskalmeten iragarpenaren arabera, hodeiek estaliko dituzte Euskal Herriko txoko gehienak, eta puntu askotan prezipitazio ugari utziko dituzte.

Ostiral goizean, metro karratuko 34,2 litro pilatu dira Urkizun (Igorre), 32,1 Aizarnazabalen, 29,5 Galdakaon, 23,5 Alegian, 16,9 Goiainen (Legutio) eta 7,7 Abetxukun (Gasteiz). Goi geruzetako aire masa hotzaren ondorioz, tarteka zaparrada mardulak botatzen jarraituko du egunean zehar.

Gaurko tenperatura jaitsieraren eta zaparrada sarrien ostean, larunbatekoak tartekatuagoak izango dira. Iparreko haizea nagusi dela, zaparradek itsasotik sartzen jarraituko dute. Ipar-ekialdean, tarteka mardul bota badezake, batez ere Nafarroa ipar partean eta Lapurdin, oro har, eta euririk gabeko tarteak bezperakoak baino luzeagoak izango dira; hegoaldera apenas iritsiko den tantarik.

Haizea momentu batzuetan bizi samar ibiliko da, eta tenperaturan ez da gorabehera handirik espero. Hala, Bilbon espero dira maximo altuenak, 17 ºC-koak hain zuzen, eta Gasteizen zein Iruñean 7 ºC-koak izango dira minimoak.

Larunbaterako tenperaturak. Argazkia: EITB MEDIA.

Igandean, egunaren lehen partean botako du, batez ere. Aurreko egunetan bezala, hodeigune trinkoak sartuko dira itsasaldetik, eta zaparradak utziko dituzte tarteka, batez ere isurialde atlantikoan.

Arratsaldean, zaparradak bakanagoak izango dira, eta aterruneak luzatu egingo dira. Haizeak ipar-mendebaldetik joko du, baina baliteke tenperatura maximoak apur bat igotzea. Bilbon eta Baionan, esaterako, 20 ºC-ra hurbilduko dira.

Iganderako tenperaturak. Argazkia: EITB MEDIA.

Une oro kontsulta dezakezu eitb.eus-en eguraldiaren iragarpena, edo zure argazkiak bidali.