EGURALDIA
Haizeak dozenaka arazo eragin ditu eta bi lagun zauritu dira Donostian, zuhaitz bat gainera erorita
EITB MEDIA
2024/02/13
Larrialdi Zerbitzuek 70 urteko gizon bat erreskatatu dute Donostiako hipodromotik gertu, zuhaitz bat gainera erorita harrapatuta geratu ondoren; 68 urteko bere emaztea ere zauritu da. Alerta laranjak 155 km/h-ko haize-boladak utzi ditu Bermeon eta 130 km/h-koak Zokoan.
Your browser doesn’t support HTML5 video
Haize-bolada bortitzek (120 km/h-koak kostaldean) dozenaka arazo eragin dituzte Euskal Herrian. Tartean, bi pertsona zauritu dira zuhaitz bat gainera erorita, Donostian.
Eusko Jaurlaritzako Segurtasun Sailak jakitera eman duenez, Larrialdietako Zerbitzuek 70 urteko gizon bat erreskatatu dute, Urbitarte pasealekuan, Donostiako hipodromotik gertu, zuhaitz bat gainera erorita harrapatuta geratu ondoren. 68 urteko emaztea ere zauritu da.
12:30 aldera izan da gertakaria eta bi zaurituak Donostiako ospitalera eraman behar izan dituzte.
150 intzidentzia
Alerta laranjan egon dira Bizkaiko eta Gipuzkoako haizeguneetan haize-bolada bortitzengatik 9:00etatik 15:00etara eta tarte horrean Matxitxakoko estazio meteorologikoan, Bermeon, 155 km/h-ko haize-boladak neurtu dituzte, 142 km/h-ko ufadak Karrantzan eta 137 kilometrokoak Garbean (Balmaseda), besteak beste. Lapurdin ere gogor jo du haizeak eta 130 km/h-ko ufadak izan dira eguerdian Zokoan eta 113koak Biarritzen.
Gauzak horrela, guztira, 150 gertakari inguru erregistratu dira Euskadin haize-boladengatik (82 Gipuzkoan, 61 Bizkaian eta 2 Araban) eta 200 intzidentzia artatu dituzte, berriz, Pirinio Atlantikoko suhiltzaileek, adarrak, zuhaitzak eta hiri-altzarien zatiak erori direlako, batez ere.
Mañarian zuhaitz bat erori da Urkiolako igoeran, Getxon ontzi batek amarrak hautsi ditu eta Barrikan zuhaitz bat erori da, Osakidetzako anbulantzia bat kolpatuz, baina ez da inor zauritu. Donostian ere, seigarren pisuko balkoi bat erori da, baina ez da inor zauritu
Baiona eta Akize arteko tren-zerbitzua etenda egon da 14:00etatik 15:30era, zuhaitz bat erori delako trenbidera, eta Hazparnen teilatu bat eraman du haizek.
Itsasoan ere abisu horia egon da 15:00ak arte baina normaltasuna itzuli da arratsaldean.