Eguraldiaren iragarpena
Eguraldi tristea izaten jarraituko dugu, larunbata arte
Erredakzioa
2012/08/30
Ostiralean lainoak eta hezetasunak nagusi izaten jarraituko dute eta tenperatura maximoak nekez gaindituko ditu 20 graduak. Larunbatean eguraldiak hobera egingo du.
Fronte hotz batek giro freskoa eta umela ekarri du . Euskalmeten arabera, eguna lainopean igaroko dugu, baina euria batez ere goiz partean eta kantauri isurialdean egingo du, bertan pilatuko baitira laino trinkoenak.
Arratsaldean, euria egin dezakeen arren, geroz eta euri gutxiago egingo du. Ipar-mendebaldeko haizea zakar ibiliko da eta termometroak nekez harrapatuko du 20-21 ºC.
Ostiralean giro motela eta fresko samarra izango dugu. Iparraldeko haizea bizi ibiliko da oraindik eta itsasaldetik hodeiak ekarriko ditu. Zerua lainotuta egongo da eta euri txikia egingo du, bereziki goizaldean eta goizean; zenbat eta hegoalderago egon, euria egiteko aukera txikiagoa izango da.
Eguerditik aurrera, lainopean jarraituko dugun arren, apurka-apurka atertze aldera egingo du. Tenperatura altuenak 18-20 ºC-koak izango dira.
Larunbaterako, eguzkia
Larunbatean, orduak igaro ahala, eguraldiak hobera egingo du. Eguna motel antzean hasiko dugu, zerua hodeitsu egongo da eta kantauri isurialdean zirimiri apur bat egin lezake. Goizean zehar hodei geruza saretu eta ostarteak geroz eta zabalagoak izango dira.
Arratsaldean, zerua garbi samar geratu eta eguzkiak giroa goxatuko du, eguneko tenperatura igo eta beroenak 21-23 ºC ingurukoak izango dira.
Informazio gehiago (1)