Arrakasta handia
Euskal gizarteak BIZI EITB ospakizun handiarekin bat egin du. Denei, bihotzez, ESKERRIK ASKO!!
EITB Media
EITBren marka eta saio nabarmenenak kalera atera ziren jarduera eskaintza zabalarekin, Donostia, Gasteiz eta Barakaldoko ekitaldietan edukiera guztiak betez. Egitasmoak gainera, izaera soziala izan zuen, Alzheimerra ardatz izango duen aurtengo EITB Maratoiarekin bat eginez.
Your browser doesn’t support HTML5 video
EITBren marka eta saio nabarmenenak kalera atera ziren larunbatean, urriaren 9an, BIZI EITB egun handia ospatzeko. Arrakasta handia izan zuten Gasteizen, Donostian eta Barakaldon antolatutako ekintza guztiek eta milaka pertsona bildu zituzten, edukiera guztiak betez. Hurbildu ziren hiritar guztiei, bihotzez, eskerrik asko gurekin egun berezi hau ospatzeagatik eta BIZI EITBren parte izateagatik!
Euskal gizartearengatik hurbil egoteko asmoz, EITBren eduki eskaintza zabal eta anitza ezagutzera eman zuen BIZI EITBk eta horretarako, adin guztietako publikoari zuzendutako kaleko jarduera eskaintza zabala eskaini zuen: ikuskizunak, jolasak, gastronomia, kontzertuak eta aurrestreinaldiak. Gainera, egitasmoak izaera soziala izan zuen, Alzheimerra ardatz hartuko duen aurtengo EITB Maratoiarekin bat eginez. Hala, egun osoan zehar izan ziren jardueretan bildutako dirua ikerketara bideratuko da.
Unai Iparragirre ETBko zuzendariak larunbatean aipatu zuen BIZI EITBren helburu nagusia: "Umeak, gazteak, familiak, helduak, euskara eta entretenimendua batzen dituen ekimen handia antolatzea, EITBren marka eta saio nabarmenenak kalera ateraz".
EITBk urtero antolatzen duen EITB Jaia egungo egoerara egokitu du aurten, eta osasun eta segurtasun neurri guztiak betetze aldera, ekintza eta jarduera eskaintza zabala antolatu du kalean.
Lehen ordutik hasita, etxeko txikienek Kursaaleko kanpoko terrazan tailerrak, jolasak eta hainbat jarduera dibertigarri izan zituzten, 3 klubaren eskutik. Ludoteka, egurrezko jolasak, goming, laser jokoa, eskulanak, ipuin kontalariak, labirintoa eta bideojokak izan zituzten, aldaketa klimatikoa eta elikadura osasuntsua ardatz izan dituzten hainbat jarduerarekin batera. Horrez gain, Ene Kantak taldeak bi ikuskizun eskaini zituen Kursaalen eta bi emanaldietan edukiera bete zuten. Ehunka haurrek "3 Ene Kantak" saioaren euren pertsonaia faboritoekin batera dantzatu eta abestu zuten.
Bitartean, Gasteizen eguneko hitzordu gastronomiko handia ospatu zen: Gastroshowa. Iradier Arenan ehunka pertsona bildu ziren ETBko sukaldari ezagunenak sukaldean ikusteko. Jon Gomezek gidatu zuen ekitaldi honetan, Ander Gonzalez, Joseba Arguiñano, Jaione Mariezkurrena eta Javi Sierra sukaldariek zuzeneko showcookingak egin zituzten eta Gabriela Uriarte nutrizionistak elikadura osasuntsuari buruzko solasaldia eskaini zuen. Hurbildu zirenen artean, Unai Iparragirre ETBko zuzendaria egon zen eta oso modu positiboan baloratu zituen eguneko ospakizunak.
Gastroshowaren baitan, gainera, Eusko Labeleko mila pintxo baino gehiago banatu ziren, hanburgesa txikiak, parrillan egindako barazkiak eta gaztak. Pintxo gozoak eta txoripanak ere egon ziren eskuragai. Horrez gain, ekitaldira hurbildu zirenak Basque Wine sagardo, txakolin eta ardo dastaketa egiteko aukera izan zuten.
Arratsaldean, "Go!azen" telesailaren denboraldi berriaren aurrestreinaldiak 2.300 pertsona baino gehiago bildu zituen Barakaldoko BECeko Bizkaia Arena aretoan. Joseba Olagaraik aurkeztu zuen ekitaldia eta lehen atalaren emanaldiaren aurretik, "Go!azen"eko aktoreek "Go!azen" eta "Lagunak" abestiak eskaini zituzten oholtza gainean. Andoni Aldekoa EITBko zuzendari nagusia bertan izan zen eta gainera, "Go!azen" eta "Irabazi Arte" telesailen aktore protagonistek ere parte hartu zuten ekitaldian, EITBk gazteei zuzendutako euskarazko bi fikzio-apustu garrantzitsuenak. Ekitaldian egon ziren aktoreen artean, Joanes Echeveste, Dánae Riaño, Ander Lacalle, Julen Castillo, Markel Sainz, Xanti Korkostegi, Sua Enparantza, Ander Rovira, Joana Garitano eta Ane Garmendia egon ziren aurrestreinaldian.
Gauean, bi kontzertu izan genituen Donostian. Alde batetik, "Oholtzan"ek kantu eta abeslari ezagunen emanaldia eskaini zuen Tabakaleran. Ilaski Serranok aurkeztu zuen ekitaldia eta kantaldian, Amaia Zubiriak, Niko Etxartek, Pantxoa Carrerek, Gontzal Mendibilek eta Easo Abesbatzak parte hartu zuten.
Bestalde, Gazteak Rigoberta Bandiniren kontzertua eskaini zuen Kursaalen (sarrerak salgai jarri eta ordu gutxira agortu ziren). Momentuko artistetako bat da musikari bartzelonarra, "A ver qué pasa", "Perra", "Too many drugs" eta "In Spain we call it soledad" kantuei esker, besteak beste. Kontzertu ikusgarriarekin gozatu zuen publikoak Kursaaleko auditorioan. Bertaratu zirenen artean, Urko Aristi EITB Media Irratiko zuzendaria eta Xabier Doncel Gazteako zuzendaria egon ziren.