Festa erraldoia
Larunbateko EiTB Jaia arrakastatsua izan zen
EiTB
Egun osoan programazio eskaintza zabalarekin ospatutako festak 12.000 lagun bildu zituen BECen.
Larunbateko EiTB Jai erraldoiak 12.000 pertsona bildu zituen Barakaldoko BECen. Egun osoko festa arrakastatsuak hamalau orduko eskaintza zabala izan zuen, euskaraz, publiko guztientzat: haur eta familiak, nerabeak, gazteak eta helduak. Aurten, gainera, izaera sozial berezia izan du, EiTB Maratoiarekin bat egin baitu jaiak. Hala, egun osoan zehar izan ziren jardueretan bildutako dirua haur minbizia ikertzera bideratuko da.
EiTB Jaiak 11:00etan ireki zituen ateak, eta lehen ordutik, txikienek giro ezinhobeaz gozatu zuten Hiru3 Jaian. Eskaintza ezberdinetan gogotsu aritu ziren haur eta gaztetxoak, 10.000 metro karratuko gune erraldoian: tailerrak, ludoteka, puzgarriak, pista amerikarra, laser labirintoa, sormen eta atsedenerako guneak, Fan Zone-a (telebistako marrazki bizidun ezagunenekin) eta ikuskizunen gunea. Guztira, 20 espazio eta jarduera eskaini ziren, eta Kantu kolore, Ene Kantak eta Go!azen-en zuzeneko emanaldiak, Zuriñe Hidalgoren eta Jon Gomezen gidaritzapean.
Ondoren, 'Go!azen 6.0'ren aurrestreinaldiak ere arrakasta handia izan zuen. 3.000 lagun bildu ziren, emanaldiaren aurreko egunetan sarrerak agortu eta gero. Bertan, telesailaren denboraldi berriko aktore protagonistak egon ziren eta emozioz beteriko momentuak bizi izan ziren photocallean aktoreak aurrez-aurre ezagutzeko momentuan. 'Go!azen 6.0' azaroaren 22an estreinatuko da ETB1en eta eitb.eus-en.
Gauean, 'Oholtzan' ikuskizun berezia ospatu zen: Los Txikis, Bankako Menditarrak eta Puro Relajo taldeekin batera, Bilboko Koral Elkarteko Euskeria Koruko eta Atarrabiako Paz de Ziganda Helduen Abesbatzako kideek abestu zuten. Aitor Mendiluze bertsolaria eta Jaione Olazabal abeslaria ere taula gainean egon ziren, baita Andoni Aresti Dantza Eskolako eta Jose Mari Orbegozo Dantzaki Eskolako kideak ere.
Ilaski Serranok eta Ibon Fernandezek aurkeztuta, gaua dantzaz eta doinuz jantzi zuten: bertsoak, abesti tradizionalak, mariatxiak, bilbainadak, euskal dantzak... Euskal Telebistako kamerek ikuskizuna bere osotasunean grabatu zuten laster emititzeko asmoarekin ('Oholtzan' larunbatero dago ikusgai ETB1en eta eitb.eus-en).
Imagin Gaztea kontzertuak eman zion amaiera EiTB Jaiari. Gazteako Ainhoa Etxebarria kazetariak aurkeztuta, Rural Zombies, Izaro eta Belako taldeek zuzeneko emanaldia eskaini zuten.