EiTB Maratoia
'V' ikurra eginez argazkiak egitera animatzen du jendea EiTBk, maratoiaren harira
A.E.|EiTB
EiTBk, 'In>ictus: iker dezagun iktusa' lelopean egiten ari den elkartasun kanpainarekin bat egiteko, 'V' ikurra eginez argazkia egiteko animatu nahi ditu herritarrak.
Euskal Irrati Telebistak, In>ictus: iker dezagun iktusa lelopean egiten ari den elkartasun kanpainarekin bat egiteko, 'V' garaipenaren ikurra eginez argazkia egin eta #eitbmaratoia hashtagarekin sare sozialetan zabaltzera animatu nahi du jendea. Halaber, EiTBk maratoiaren harira Bilboko Ertzilla kaleko 24. zenbakiaren parean erakusketa prestatu du aurtengo iragarkiaren protagonisten istorioekin, gune egokia horixe bera ere bertan argazkia egiteko.
Aurtengo kanpainak, modu positiboan, euren eguneroko bizitzari berrekiteko iktusa izan dutenen borroka islatu nahi du. Kasu gehienetan indarra eta aurrera egiteko nahia eskatzen du egin behar duten ahaleginak. William Ernest Henleuyren Invictus poema hartu du ardatz kanpainak eta indarra eta aurrera egiteko gogoa ditu hizpide olerkiak. Garaipenaren ikurra ere azpimarratzen da kanpaina honetan. Invictus-en 'V' ikurrak aurrera egin eta garaitzeko nahi hori irudikatzen du gaixotasunarekin alderatuta.
EiTB Maratoiaren iragarkian Invictus poema irakurtzen ari diren 10 lagun agertzen dira, eta hein berean, errehabilitazioa egiten ikusten ditugu bere eguneroko bizimodua berreskuratzeko. Hain juxtu, Mandelak bere ziegan zuen poema zen Invictus eta indarra ematen zion kartzelako egonaldia pairatzeko. Berebat, iragarki horretan parte hartzen duten 10 lagun horien istorioak erakusketa batean bildu ditu EiTBk. Ertzilla kalearen 24. zenbakian daude ikusgai, abenduaren 14ra arte. Horixe da, beraz, gune aproposa kanpainaren ikur bilakatu den 'Invictus' edo garaipenaren 'V' ikurra egiteko.