Kirol erronka
Iker Karrerak 7 joan-etorri egitea lortu zuen EiTB Maratoiaren alde
Goizeko 9etan ekin zion korrikalariak erronkari eta ia hamabi ordu eman zituen horretan. 113 kilometroko distantzia bete zuen azkenik.
Your browser doesn’t support HTML5 video
Aurtengo EiTB Maratoiari bultzada emateko asmoz, Iker Karrera mendi korrikalariak kirol erronka bat burutu zuen atzokoan. Desafioak, EiTBko Bilboko egoitzatik abiatuta, hamabi orduz Pagasarrira ahal bezainbeste alditan igotzean zetzan, indar hartzeko geldialdi txikiak eginez bakarrik. Amaitu zuenean, Amezketako kirolariak zazpi itzuli egin ahal izan zituen (guztira 113 kilometro); horretarako, 11 ordu eta 40 minutu erabili zituelarik. Jardunean zehar, Karrerak beste zenbait pertsonaren laguntza izan zuen. Horrela, besteak beste, honako hauek izan zituen bidelagun: Javi Conde, kirolari paralinpikoa; Iraia Iturregi eta Ainhoa Tirapu, Athletic Clubeko futbol jokalariak; edota Gotzon Mantuliz, El Conquistador del Fin del Mundo saioko irabazlea.
CompaRace enpresaren laguntzaz, lasterketa GPS bidez jarraitu ahal izan zen. Honenbestez, une oro Iker nondik nora zebilen jakiteko aukera zegoen.
Ikerren azken itzulian pasarte bitxi bat gertatu zen. Sare sozialetan berez sortu zen deialdi batek bultzatuta, zortzi korrikalari anonimok berarekin bat egin zuten erronkaren azken txanpan elkarrekin aritzeko.
Honela gauzatu zuen amezketarrak bere jarduna:
7 itzuli EiTBko Bilboko egoitzatik Pagasarrira eta buelta:
1. itzulia: 1 ordu eta 18 minutu
2. itzulia: 1 ordu eta 21 minutu
3. itzulia: 1 ordu eta 26 minutu
4. itzulia: 1 ordu eta 31 minutu
5. itzulia: 1 ordu eta 35 minutu
6. itzulia: 1 ordu eta 39 minutu
7. itzulia: 1 ordu eta 46 minutu
Inoizko dendoraldirik onena
Jaiotzez amezketarra den arren, Iker Karrera Tolosan bizi da, eta bertako kirolariek 2013ko kirol merezimenduaren saria eman diote berriki, aurtengo denboraldi bikainagatik. Sei lasterketa irabazi ditu; tartean, Tor des Geants mitikoa, munduko mendi maratoirik gogorrena. Italian jokatutako proban ez ezik, Europako mendien ibilaldian eta Eiger Ultra Trail, Gran Raid des Pyrenees eta Tor des Geants probetan ere izan da garaile.