Itxi

EITB Maratoia

Aurtengo EITB Maratoiak zahartze osasuntsuan jarriko du arreta, ondo bizitako bizialdi luze baten alde

EITB

Leer en Castellano

'Bizi bedi bizipoza!' da aurtengo leloa, eta Niko Etxarten "Euskal rock'n'roll" abesti mitikoa izango da soinu banda. Bizitzari kantu eginez, belaunaldiak batuko dituen kanpaina izan nahi du.

Aurtengo EITB Maratoiaren aurkezpena

EITBren ekimen solidario erraldoiaren garaia iritsi da, eta aurten aukeratutako kausa ez da gaixotasun bat, gai zabalagoa bat baino: Zahartze osasuntsua. Hala, Bizi bedi bizipoza! lelopean,  ondo bizitako bizialdi luze baten alde egin nahi du 2025eko EITB Maratoiak, modu positiboan gainera. Izan ere, kontua da, ez bakarrik urte gehiago bizitzea, baita urte horiek hobeto bizitzea ere.

Hain zuzen, Adineko Pertsonen Nazioarteko Egunaren biharamunean egin da edizio honen aurkezpena, kanpaina honetan bidelagun izango diren erakunde eta elkarteekin batera. EITBren Bilboko egoitzako ekitaldian izan dira Isabel Octavio, EITBko Estrategia eta Komunikazio Korporatiboko zuzendaria; Iñaki Gutierrez Ibarluzea, Eusko Jaurlaritzako Ikerketa, Berrikuntza eta Ebaluazio Sanitarioko zuzendaria; eta hainbat elkartetako ordezkariak: Victor Carramiñana BBK Sasoiko elkarteko arduraduna, Joserra Ecenarro Nagusilan elkarteko presidentea eta María Encarnación Baztan del Río, azken horretan boluntario.

Mundu mailan pertsonak gero eta gehiago bizi dira, eta modu osasungarrian zahartzea lehentasunezko gai bihurtu da. Euskadi gizarte eta osasun desafio honi aurre egiteko prestatzen ari da, eta ezinbestekoa dugu zahartzaroaren alorrean ikertzen eta berritzen jarraitzea eta erreferente bihurtzen gaituzten programa espezifikoetan sakontzea. Ohi bezala, bi ildo jorratuko ditu EITB Maratoiak:

-Osasun fisikoa eta mentala mantentzeko eta hobetzeko ikerketarako dirua biltzea: urtero bezala BIOEF Berrikuntza eta Ikerkuntza Sanitarioko Euskal Fundaziora bideratuko da dirua.

-Nork bere burua zaindu beharraz kontzientziatzea: eguneroko ongizatearen aldeko prebentzioa eta berrikuntza bultzatu.

EITBk gizartearen transformazioan laguntzea du xede eta, hala, gizarte osoaren laguntza lortu nahi du, bizitzari kantu eginez belaunaldiak batuko dituen kanpaina ikusgarri baten bitartez.

Azken urteotan bezala, euskal abesti baten inguruan bideratuko da ekimena: Niko Etxarten "Euskal rock'n'roll" mitikoa.

"Kanpainaren lehen urratsean baino ez gaude, baina baditugu osagaiak elkartasun sare handi bat egiteko", azpimarratu du Isabel Octaviok. 

Abenduaren 18a izango da aurtengo EITB Maratoiaren egun handia; baina, jada, zabalik dago dirua emateko BIZUMa (dohaintza solidarioa: 33478)

Mugi gaitezen prebentzioaren eta ikerketaren alde, zahartze aktibo eta osasuntsu baten alde.

Bideoak (1)