Itxi

Abenduak 18

EITB Maratoiak gaur du egun handia, zahartze osasuntsuaren ikerketaren aldeko diru-bilketarekin

EITB

Leer en Castellano

Hemen dugu dohaintzak eta ekarpenak jasotzeko hitzordu erraldoia. 09:00etan hasiko da EITBren Bilboko egoitzan, ohi bezala. 150 aurpegi ezagun baino gehiago izango dira bertan. EITBko hedabideek ekimenaren jarraipen zabala egingo dute.

EITB Maratoia

2025ko EITB Maratoiak egun handia du gaur, abenduak 18, Bizi bedi bizipoza! lelopean. Urtero bezala, egun berezia izango da, eta bertan bildutakoa* zahartze osasuntsua ikertzera bideratuko da. Asko dira ekarpenak egiteko moduak, eta denak daude martxan: banku-transferentzia bidez (Caixabank ES04 2100 8686 8102 0004 5619, Laboral Kutxa ES56 3035 0450 15 4500005802 eta Kutxabank ES86 2095 0611 00 9120154296 kontuetan), BIZUM bitartez (dohaintza solidarioa: 33478) eta EITB Maratoiaren webgunean online dohaintza eginda. Ohi bezala, ekarpenak egiteko doako telefono zenbakia dago: 900840750. Ostegunean, EITB Maratoiaren egun handian, 09:00etan zabalduko dira lineak, eta gaua bukatu arte egongo dira martxan. Ondoren ere egongo da telefono bidez ekarpenak egiteko aukera: abenduaren 19an eta 20an, 11:00etatik 22:00etara.

Osteguneko jardunaldi solidarioa 09:00etan hasiko da, EITBren Bilboko egoitzako dei-gunean. Ohi bezala, egunean zehar kultura, kirola, telebista eta bestelako esparruetako 150 aurpegi ezagun baino gehiago batuko dira telefono deiak hartzera, tartean erakundeetako ordezkariak ere. EITBren hedabideek ekitaldiaren jarraipen zabala egingo dute, zuzeneko konexioekin; horrez gain, gauean saio bereziak eskainiko dira.  ETB1en ''Biba Zuek'' berezia izango dugu 22:15ean, zuzenean, EITBren Miramongo egoitzatik, Maddalen Arzallusek eta Xabier Sukiak aurkeztuta. ETB2n ''Tal Para Cual'' berezia, 22:15etik aurrera, Anne Igartiburuk aurkeztuta. Gonbidatuak ere bereziak izango dira, jakina: Javi Sierra, aitarekin; Valeria Ros, amarekin; eta Ahikar Azcona, aitak lagunduta.

14 orduko dantza maratoia

Urtero bezala, emozioz betetako jardunaldia izango da; eta, aurtengoa, gainera, are biziagoa: EITB Maratoiak 14 orduz etenik gabeko dantza-maratoia egingo du, lau hiriburutan. Adituek azpimarratzen dutenez, dantza oso jarduera eraginkorra da sasoiz zahartzeko, eta, horregatik, dantza topaketak antolatu ditu EITB Maratoiak egun osoan zehar. Hala, pertsona anonimoek dantzaleku bihurtuko dituzte gure eguneroko ohiko espazioak. 09:00etatik 12:00etara Iruñean hasiko da dantza maratoia, autobus geltoki berrian; ondoren, 12:00etatik aurrera, Gasteizko Boulevard merkataritza-gunean izango da hitzordua, lau orduko dantzaldiarekin. Donostiak hartuko du lekukoa, 16:00etatik 20:00etara, Garberan. Eta, azkenik, dantza-maratoia Bilbora iritsiko da, San Mameseko geltokira. Bertan 20:00etatik 23:00etara dantzatu ahalko dugu. Hainbat dantza estilotako erakustaldiak egongo dira, eta, batik bat, alaitasuna eta umore ona izango dira nagusi, dantzak gure osasunarentzat dituen onurak agerian uzteko. Hori guztia streaming bidez emitituko da EITBren YouTube kanalean, eta egunean zehar EITBren hedabideetako programa eta albistegiek zuzeneko konexioak egingo dituzte.

Hori guztia, ondo bizitako bizialdi luze baten alde. Izan ere, kontua ez da bakarrik urte gehiago bizitzea, urte horiek hobeto bizitzea funtsezkoa da eta. Beraz, osasunez zahartzea desafioetako bat dugu gizartean, eta osasunari erreparatuta; eta, horretarako, ezinbestekoa da zahartzaroaren alorrean ikertzen jarraitzea. Gizartearen transformazioa helburuetako bat izanik, EITBk guztion laguntza lortu nahi du, belaunaldiak batu nahi dituen ekimen honetan.

Mugi gaitezen prebentzioaren eta ikerketaren alde, zahartze aktibo eta osasuntsu baten alde

Informazio gehiago (1)