EITB Maratoia
Minbizi ginekologikoa eta bular minbizia izango da aurtengo EITB Maratoiaren gaia
EITB
EITBk, BIOEF Berrikuntza eta Ikerkuntza Sanitarioko Euskal Fundazioarekin eta minbizi ginekologikoko eta bular minbiziko elkarteekin batera aurkeztu du kausa. Urtero bezala, EITBren elkartasun ekimenak bi ildo izango ditu: ikerketarako dirua biltzea eta sentsibilizazioa
Aurtengo EITB MARATOIAREN aurkezpena
Minbizi ginekologikoa eta bular minbizia izango da aurtengo EITB Maratoiaren kausa. Ostiral honetan, martxoaren 27an, eman da jakitera gaia Bilbon. Udazkenean EITB Maratoiaren kanpainan murgilduta izango gara, baina dagoeneko lanean ari da EITB bidelagun dituen BIOEF Berrikuntza eta Ikerkuntza Sanitarioko Euskal Fundazioarekin eta minbizi ginekologikoko eta bular minbiziko elkarteekin, sentsibilizazioa lantzeko eta ikerketara zuzenduko den diru bilketa egiteko kanpainan.
2026ko EITB Maratoiaren gaiaren aurkezpenean Isabel Octavio ETBko zuzendariak, Iñaki Gutiérrez Ibarluzea Eusko Jaurlaritzako Ikerketa, Berrikuntza eta Ebaluazio Sanitarioko zuzendariak eta EITB Maratoiaren diru-bilketari esker bularreko minbiziaren tratamendu berriei buruzko ikerketa gauzatu duen Javier Muñoz Biobizkaiako ikertzaileak hartu dute parte. Halaber, bertan egon dira 12 elkarteren ordezkariak ere: ACAMBI (Bularreko minbizia edo ginekologikoa duten Bizkaiko elkartea); ASAMMA (Bularreko minbizia edo ginekologikoa duten Arabako elkartea); Katxalin (Bularreko minbizia edo ginekologikoko duten emakumeen Gipuzkoako elkartea); Sarai (Bularreko minbiziaren Nafarroako elkartea); Minbiziaren Aurkako Elkartea Bizkaian; Minbiziaren Aurkako Elkartea Gipuzkoan; Minbiziaren Aurkako Elkartea Araban, Maite Ta Bizi (Euskadin minbizi metastasikoa duten gaixoen elkartea); Izan Inurri (Minbiziari ikuspegi feminista eta eraldatzaile batetik laguntzeko, hura prestatzeko eta zabaltzeko elkartea); Asaco (Obarioetako eta ginekologiako minbiziak kaltetutakoen elkartea), eta Gaixoen Erakundeen Plataforma.
Kanpaina indartsu bat eraikitzea da helburua, adierazi du Isabel Octavio ETBren zuzendariak aurkezpenean. Halaber, esan du aurtengo kanpainak emakume aurpegia duela batik bat, "aukeratutako kausak emakumeengan duen intzidentziarengatik, baina horrek ez du esanahi, gizonengan duen eraginaz ez dugunik hitz egingo".
Elkarteen babesa eskertu du Isabel Octaviok, EITB Maratoiak urte honetan zehar egingo duen ibilbide guztian eta kanpaina bideratzeko orduan. "Kanpaina hurbila izatea nahi dugu; emozioz betea; denetariko esperientziekin; gaixoei ahotsa emanez, zorrotza, eta, beti egiten saiatzen garen bezala, tonu positiboan", azaldu du.
Bidelagun hauetaz gainera, beste behin, gizarte osoaren inplikazioa lortu nahi duela azaldu du ETBren zuzendariak, "gure komunikazio ekimen propioa landuko dugu, ohi dugun bezala, euskal abesti baten bueltan". Eta erantsi du elkarteek antolatzen dituzten ekimen garrantzitsuenei babesa eskainiko diela EITBk.
Iñaki Gutiérrez Ibarluzeak Eusko Jaurlaritzako Ikerketa, Berrikuntza eta Ebaluazio Sanitarioko zuzendariak adierazi duenez, "Euskadin minbiziari buruz egiten den ikerketari esker gero eta pertsona gehiago eta hobeto bizi dira, diagnostiko onkologiko baten ondoren". Ildo horretan, aipatu du Osasun Saileko ikerketa institutuen bidez – Bioaraba, Biobizkaia eta Biogipuzkoa – 120 proiektu eta azterketa kliniko inguru egiten ari direla bularreko minbiziari, zerbixeko minbiziari eta obulutegi eta endometrio minbiziei dagokienez, besteak beste, Osakidetzan aplikatzeko. "Helburua argia da: pazienteen eta minbizitik bizirik atera diren pertsonen biziraupena eta bizi kalitatea hobetzea", esan du Gutierrezek. Martxan dauden ia 120 proiektuek terapia berritzaile berriak lantzen dituzte, hala nola immunoterapia aurreratuak, baita osasun-emaitzak aztertzen dituzten ekimenak ere, tratamenduek pazienteen eguneroko bizitzan duten benetako inpaktua hobetzeko.
Izan ere, gogorarazi du azken urteetan bost urterako biziraupena nabarmen hobetu dela tumore gehienetan, bereziki bularreko minbizian, "gure inguruko herrialdeetan % 90 inguruko zifrak lortzen baitira. Gure lehentasuna da biziraupen tasa horiek handitzen jarraitzea eta minbiziak galdutako bizitza urteak murriztea, arreta gizatiarragoa eta pertsonengan zentratuagoa jarrita", gaineratu du.
Iñaki Gutierrezek azpimarratu duenez, "biziraupenean egindako aurrerapenak ez dira kasualitatearen ondorio, prebentzioan, baheketan eta ikerketan egindako etengabeko ahaleginaren ondorio baizik". Hala, gogorarazi du alderdi horiek funtsezko lekua dutela 2025-2030 aldirako Euskadiko Plan Onkologiko Integralean, Euskal Osasun Itunarekin lerrokatuta, eta pertsona gehiagok minbizia gainditzea eta bizi kalitate hobearekin egitea helburutzat izanda. "Osakidetzaren bularreko eta zerbixeko baheketa-programak funtsezkoak dira minbizia garaiz detektatzeko eta sendatzeko aukerak handitzeko", berretsi du.
Bestalde, Javier Muñoz Peralta ikertzaileak Biobizkaiak eta Biogipuzkoak proteomikaren arloan egindako aurrerapenak aurkeztu ditu, proteinen azterketa, tumoreek nola jokatzen duten hobeto ulertzeko eta tratamendu eraginkorragoetarako dianak aurkitzeko lerrorik oparoenetako bat. Lan hori BIOEF Osasun Ikerketarako Euskal Fundazioak bultzatutako laguntzen deialdiari esker garatzen ari da, minbiziari buruzko EITB Maratoia ekimenari modu solidarioan emandako funtsekin. EITB Maratoiak bildutako diruari esker azken urteetan Osakidetzaren sarean hainbat proiektu onkologiko finantzatzeko aukera izan da. Muñozek azaldu duenez, "proiektu horiei esker, gaixotasunaren seinale goiztiarrak eta tratamenduei eman dakizkiekeen erantzunak identifika ditzakegu, eta horrek diagnostiko zehatzagoetarako eta terapia pertsonalizatuagoetarako aukera irekitzen du".