Aurreko Maratoiak
2010 eta 2014 bitartean egindako elkartasun maratoiak
eitb.eus
EITBk 2000. urtetik antolatzen du EITB Maratoia. Elkartasun-kanpainak gizartean garrantzia handia daukaten arazoen inguruan herritarron kontzientzia piztea du helburu.
Hamabost urte joan dira EITB Maratoia estreinakoz egin zenetik. Harrezkero hainbat elkartasun kanpaina antolatu ditugu, urtean bat, denak arrakastatsuak.
2014. URTEA: MINBIZIA – 583.258 EURO
Minbizia izan zen EITBren hamabosgarren EITB Maratoiaren gaia, eta Erradioterapia, euren bizitzako abestia entzuten jarrai dezaten goiburupean egin zen. EITB taldeko komunikabideek (Euskal Telebista, Euskadi Irratia, Radio Euskadi, Radio Vitoria, Gaztea, EiTB Musika eta eitb.eus) informazio eta sentsibilizazio kanpaina egin zuten, minbiziaren gainean berri eman eta ikerkuntzara bideratutako dirua biltzeko. 583.258 euro bildu ziren eta ordura arteko maratoien artean diru gehien bildu zuen laugarrena bilakatu zen.
Erradioterapia eta musika lotu zituen kanpainak. Horregatik, abenduaren 18ko elkartasun egunean, 13 orduko musika maratoia antolatu zuen EITBk Bilbon. Guztira, 26 talde eta bakarlarik hartu zuten parte, besteak beste: Mikel Urdangarin, John Berkhout, Enkore, Erromoko Kantariak, Bilboko Udal Txistulari Banda, El Menton de Fogarty eta 'A Ze Banda' saioko finalistak (Random, The Kites eta Twin Melody). Horrez gain, beste zenbait ekitaldi egin ziren, tartean, Saray kaltetuen elkarteak paper birziklatuarekin egindako soinekoen desfilea Iruñeko Planetariumean.
2013. URTEA: TRANSPLANTEAK – 338.567,25 EURO
Oparitu bizia lelopean, transplanteak eta birsortze-medikuntza izan ziren EITBk 2013. urtean bultzatu zituen kausak, eta 338.567,25 euro bildu ziren. Aipagarria da maratoiaren aurkezpenak urtemuga berezi batekin egin zuela bat: lehen bihotz transplantea egin zela 46 urte bete ziren egunarekin.
Ohi denez, EITBko hedabideek erreportajeak eskaini zituzten gaixoen, senitartekoen, medikuen eta profesionalen lekukotasunekin. Bestalde, elkartasun egunean, abenduaren 19an, Iker Karrera mendi korrikalariak kirol erronka egin zuen: 12 orduz, etenik gabe, Pagasarrira igo eta jaistea. Azkenean, Amezketako kirolariak zazpi itzuli egin zituen (guztira 113 kilometro), eta 11 ordu eta 40 minutu erabili zituen horretarako. Horrez gainera, Bilboko Orkestra Sinfonikoak elkartasun-kontzertua eskaini zuen Euskalduna Jauregian, EITB Maratoiari babesa agertzeko.
2012. URTEA: HAURREN MINBIZIA – 807.680 EURO
EiTBko maratoian bildutako dirua minbizia pediatrikoaren prebentzio, tratamendu eta diagnostiko goiztiarraren inguruko ikerketarako bideratuko da. Batetik, bide terapeutikoetan eta albo-ondorioetan sakontzeko, eta bestetik, haurrei eta euren senitartekoei arreta egokia emateko. Gaixotasuna gainditzen duten haur eta nerabeen kopurua handitzea da helburua, hala, euren garapena eta gizarteratzea zein eskolaratzea bizi-kalitate onenarekin egiten dela bermatuz.
807.680 euroak haurren minbiziaren ikerkuntzarako hainbat proiektutarako erabiliko dira. Ikerketarako fondoak Berrikuntza+Ikerketa+Osasuna Eusko Fundazioaren (BIOEFren) edo BIO Fundazioaren bidez kudeatu dira. Lehiaketa publikoa egingo dute, beste behin, eta ondoren, jasotzen diren proiektu guztiak aztertu eta diruz zeintzuk lagunduko dituzten erabakiko dute.
Haurren minbiziari zuzendutako maratoian lortutako diruaz finantzatutako proiektuak. [PDF]
2011. URTEA: ALZHEIMERRA – 403.528 EURO
- Alzheimerrari buruzko ikerketa-proiektuak (2011) Ebaluazio eta Prospektibako Agentzia Nazionalaren (ANEPen) kanpo-ebaluazioaren azken fasean daude. Ohikoa den moduan, urte amaiera baino lehen amaituko da fase hori. Hamar zentrotako hamahiru proiektu aurkeztu dira. Horietako hamabi ikerketa proiektu berrien modalitatekoak dira, eta bestea indarrean dauden lerroak mantentzeko modalitatekoa.
2011ko alzheimerrari buruzko maratoian bildutako diruarekin finantzatutako proiektuak
2010. URTEA: BULARREKO MINBIZIA – 291.317 EURO
Bildutako dirua osorik erabiliko da honako ikerketa hauetan:
- Txagorritxu ospitaleko bularreko minbiziaren ikerketa egituren mantenimendua, Isabel Guerra Merino ikertzailearen eskutik.
- María del Mar Vivanco Ruizek zuzenduko du Retinoideak bularreko minbiziaren kontra (CIC Biogune).
- Bularreko minbiziaren tumore zelulen saiheste inmunologikorako mekanikoak, Susana Larrucea Bilbaoren eskutik, Gurutzeta ospitalean.
- David Setas Guerrero ikertzaileak Metilonoma eta proteonomaren analisia egingo du bularreko minbiziko kasu duktal infiltratuetan (Osasunbidea).
- Bularreko minbizia duten pazienteengan osteoporosi unitatearen eragina (aromatasaren inhibitzaileen tratamendua), Purificación Martínez del Pradoren eskutik (Basurtuko Ospitalea).
Aurreko maratoien inguruko informazioa nahi baduzu, ikusi eduki honi erlazionatutako bi albisteak.