Elkartasun kilometroak
'Vitoria-Gasteiz Spinning EiTB Maratoia': Igo bizikletara, haur minbiziaren kontra
EiTB
Azaroaren 30ean, 60 bizikleta jarriko dituzte Andre Maria Zuriaren plazan. Denon artean, elkartasun kilometroak egiteko gonbidapena egiten digu Gasteizko Udalak, EiTB Maratoiarekin bat egiteko.
EiTB Maratoiarekin bat egin eta Gasteizko Udalak deialdia egiten die herritar guztiei bizikletara igo eta 'Vitoria-Gasteiz Spinning EiTB Maratoia' ekimenean parte hartzera. Hitzordua Gasteizko Andre Maria Zuriaren plazan izango da, azaroaren 30ean. Bertan spinning jai erraldoia egingo da, haur minbiziaren ikerketaren alde.
11:00etatik 14:00etara, 60 bizikleta jarriko dira plazan, horietara igo, pedalei eman eta elkartasun kilometroak egiteko. Ekimenean parte hartzeko nahikoa izango da ordutegi zehatza aukeratu eta emaila igortzea spinning@eitb.eus helbide elektronikora, izen-abizenak, telefonoa eta aukeratutako ordutegia zehaztuta. Izen-ematea doakoa da.
Ordutegiak honakoak dira:
-11:00
-11:40
-12:20
Produktu solidarioak salgai
EiTB Maratoiaren ekimenarekin bat egiteaz gain, Andre Maria Zuriaren plazara gerturatzen direnek aukera izango dute haur minbiziaren ikerketarako ekarpena egiteko.
Hala, goizean zehar, salgai izango dira aurtengo edizioko produktu solidarioak: Tote Bag poltsa (10 euro) eta buff solidarioa (8 euro). Kirolariek erabili ohi dituzten buffak ezinbesteko bihurtzen dira kimioterapia tratamenduan dauden haurrentzat, burua estaltzeko.
Halaber, goizean zehar, aukera egongo da txoripanak jateko, eta janari eta edariarekin biltzen den dirua EiTB Maratoari bideratuta egongo da.
Azkenik, dohaintza egin nahi dutenek aukera izango dute bertan, ordainketa elektronikoa egiteko sistema bat erabilita.
Lasaitasun eta garantia osoarekin erosteko, EiTB Maratoiarekin lotura duten salmenta eta dohaintza guztiak txartel bidez egingo dira eta diru-ekarpen guztiak zuzenean jasoko dira egitasmo honi lotutako kontu batean.
Zure bertsiorik onena
Orain arte abenduan egiten zen maratoiaren sentsibilizazio eta elkartasun kanpaina. Alabaina, hemendik aurrera, denbora tartea zabalduko da eta ekintza gehiago antolatuko dira, euskal gizarte osoaren parte-hartzea sustatu asmoz.
Horri lotuta, EiTB Maratoiak egitasmo handi baten parte izateko gonbidapena luzatu dio euskal gizarteari, haurren minbiziaren kontra borrokatzeko: inoiz egin den 'Lau teilatu' abestiaren bertsiorik onena sortzea. Parte-hartzaile anonimoen eta ezagunen grabazioekin bideoklipak egingo dira, aurtengo EiTB Maratoiari bukaera emateko. 'Vitoria-Gasteiz Spinning EiTB Maratoia' ekimenean ere herritarrei gonbidapena egingo zaie 'Lau teilatu' abestiaren bertsiorik onena elkarrekin sortzeko.
Kirola, jatekoa, musika eta bereziki elkartasun kilometroak uztartuko dituen jardunaldia izango da.
__________________________________________________________________________
Datuak babesteari buruzko araudia betetzeko helburuz, EiTBk, telebista- eta irrati-zerbitzu publikoa kudeatzeko eginkizunarekin bat, 'Vitoria-Gasteiz Spinning EiTB Maratoia' ekitaldian parte hartzen dutenei jakinarazten die ekitaldia ikus-entzunezko gailuekin grabatu egingo dela, batetik, ekitaldiari buruzko laburpena bat ekoizteko eta, bestetik, ekitaldiari buruz informatzeko EiTBren hedabideetan edo ekitaldia promozionatzeko. Horren ondorioz, ekitaldian parte hartzen duten pertsonen irudia eta ahotsa EiTBren hedabideetan (telebistan, irratian zein Interneten) zabal eta publikoki komunika daitezke. EITBri datuon tratamendurako zilegitasuna ematen dion oinarria 2016/679 Datuak Babesteko Erregelamendu Orokorraren 6.e art. da. Edozein momentutan, interesatuak eskubidea du dbo-dpd@eitb.eus-ren aurrean, EiTBk berari buruz batutako datu pertsonalak irispidean izateko, zuzentzeko edo ezerezteko, tratamendua mugatzeko edo haren aurka egiteko, edo datuak transferitzeko. Adingabea bada, beraren ordezkari legalaren bitartez.