Hezkuntza
Ikastetxeetan ere bat egin dute EiTB Maratoiarekin
EiTB
Eusko Jaurlaritzako Hezkuntza Sailaren bitartez, ikasleek maratoiarekin bat egitea bultzatu nahi izan da. Hala, haur minbiziarekin eta ikerketaren zerikusia duten marrazkiak egin dituzte ikasgeletan.
Your browser doesn’t support HTML5 video
Asteazken honetan, azaroak 27, EAEko hainbat ikastetxek ere bat egin dute EiTB Maratoiarekin, haur minbiziarekin eta ikerkuntzarekin lotutako jarduera batekin.
Eusko Jaurlaritzako Hezkuntza Sailaren bitartez, ikasleen inplikazioa bilatu nahi izan da eta, horretarako, hainbat ikastetxetan gaia landu dute irakasleekin. Ondoren, marrazkiak egin dituzte eta ikusgai jarri dituzte ikastetxeetan bertan. Lan horiek elkartasuna adierazteko modua izan dira.
Haurren minbizia da aurtengo Maratoiaren ardatza
EiTB Maratoia indarberrituta dator aurten. Orain arte abenduan egiten zen sentsibilizazio eta elkartasun kanpaina. Alabaina, hemendik aurrera, denbora tartea zabalduko du eta ekintza gehiago antolatuko dira, euskal gizarte osoaren parte-hartzea sustatu asmoz.
Haurren minbizia izango da aurtengo EiTB Maratoiaren ardatza eta hilabete hauetan hainbat ekintza ari dira egiten gaitz honen inguruan informazioa zabaldu eta ikerketarako dirua biltzeko. Batutako dirua ikerketara bideratzen du BIOEFek (Berrikuntza + Ikerkuntza + Osasuna Eusko Fundazioak).