EITB Maratoia
Andoni Egaña, Onintza Enbeita, Alaia Martin eta Sustrai Colina, bertso saio berezian
EITB
"EITB Maratoia: Batzen gaituen bertsoa" emanaldia abenduaren 1ean izango da, Bilboko Campos Eliseos Antzokian. Jaso zure gonbidapena, doan, antzokiko leihatilan.
Abenduaren 1ean, "EITB Maratoia: Batzen gaituen bertsoa" izeneko bertso-saio berezia egingo da Bilbon, Campos Eliseos Antzokian, 2020ko EITB Maratoiaren harira.
Bertan, bertsotan arituko dira Andoni Egaña, Onintza Enbeita, Alaia Martin eta Sustrai Colina bertsolariak, Antton Telleriak eta Ilaski Serranok aurkeztutako emanaldia berezian. 19:00etan hasiko da ikuskizuna, eta sarrera doakoa izango da. Gonbidapenak Campos Eliseos Antzokiko leihatilan jaso ahal dira.
Saioa grabatu egingo da eta ETB1en eta eitb.eus-en eskainiko da abenduaren 12an, aurtengo EITB Maratoiaren bezperatan.
Aurten, denok gara kausa
Aurten denok gara EITB Maratoiaren kausa. Izan ere, 2020ko edizioak koronabirusa izango du ardatz, eta aurtengo kanpainak COVID-19aren ikerkuntzarako dirua bilduko du. Gainera, joan den urtean bezala, gizartearen parte hartzea oinarri izango duen ekimen parte-hartzailea jarri da martxan, horren bidez Maratoiaren bat egiteko. 2020 honetan bertsoaz baliatuko da ekimen parte-hartzaile hori. Asmoa zera da: euskal gizarte osoaren sentimendua islatuko duen bertso erraldoi bat sortzea, bertso kate itxura izango duena eta denok elkartuko gaituena.
Bertsoa oinarri
Bertso katea osatzen hasteko, hasierako bertsoa beharrezkoa zen. Beraz, ekimena abian jarri asmoz sei bertsolari bildu ziren: Maddalen Arzallus, Sebastian Lizaso, Oihana Iguaran, Xabier Euzkitze, Onintza Enbeita eta Aitor Mendiluze. Bakoitzari sentimendu bat aipatu zitzaion, eta sentimendu horri buruz aritu behar zuen bere sorkuntzak. Horrela, denen artean bertso komun bat eraiki zuten, gure sentimenduak adierazteko asmoa duena. Eta bertso mundua herritar guztiei hurbiltzea lagunduko duen musika jarri zioten, Bob Marleyren "No woman, no cry" abestiaren doinua. Emaitza, "Ez negar egin, gu elkarrekin" abesti eta bideoklipa izan zen.
Bertso kate hori osatzen eta luzatzen jarraitzen dugu egunez egun, eta Andoni Egaña, Onintza Enbeita, Alaia Martin eta Sustrai Colina bertsolariek euren ekarpena ere egingo dute abenduaren 1eko saioan, jendaurrean.
Bertso katea luzatzen doa: 100 bideotik gora eta 650 bertso kate online
Jada 100 bideotik gora ditugu EITB Maratoiaren webgunean, eta 650 bertso kate egin dira online, web erremintaren bitartez. Guztira, 750 baino gehiago dira idatziz ekarpena egin duten bertsolariak, denen artean 650 katetik gora egiteko, mota guztietako bertsoekin.
Horrez gain, telebista, zinemako eta musika munduko aurpegi ezagunen bideoak ere ari dira heltzen etengabe. Izan ere, asko dira jada EITB Maratoiaren bertso katearekin bat egin duten aktore, musikari eta artistak. Cristina Narea musikariak ukitu pertsonala eman dio abestiari, eta "Hondar Ahoak" telesaileko Fanta Touty Diatta, Ibou Sarr eta Omar Diop aktoreek ere bat egin dute ekimenarekin. Itziar Ituño aktoreak gitarrarekin bertso propioa abestu du, eta "Go!azen 7.0" telesaileko Zurik (Maria Redondo), Enarak (Aitziber Errazkin) eta Igorrek (Xanti Korkostegi) abestiaren bertsioa bidali digute. "Erlauntza" filmeko protagonisten eskutik ere iritsi zaigu abestiaren bertsioetako bat, eta Iker Laurobak, adibidez, ukelelearekin jo du bertsoa. Gorka Aguinagaldek ere bat egin du EITB Maratoiaren bertso katearekin, gitarra eskuan. Aktore, musikari eta artista zerrenda luzea dugu EITB Maratoiaren webgunean: Amaia Aberasturi, Gemma Martinez eta Mitxel Santamarina, Andoni Agirregomezkorta, Maribel Salas, Miriam Cabeza, Karmele Larrinaga, Zorion Eguileor, Skasti eta Matilda musika taldeak, Javi Fermin, Roberto Moso, Iban Garcia...
Aurtengo bertso katea kirol mundura ere iritsi da, eta bertso katean abestera animatu dira pilotari ugari, besteak beste, Ezkurdia, Ibai Zabala, Aranguren, Arteaga II, Urretabizkaia I, Larrunbe eta Artola.
Horrez gain, Pello Zabala fraide, euskal idazle, irratiko aurkezle eta meteorologoa ere animatu da aurtengo EITB Maratoian parte hartzera. Kasu honetan, organoarekin egindako bertsio akustiko bat da, Arantzazuko Santutegian bertan grabatuta. EITBko hainbat aurkezle eta esatarik ere ahotsa jarri diote "Ez negar egin, gu elkarrekin" bertsoari, bideo batean.
Zelan parte hartu bertso katean eta EITB Maratoiarekin bat egin?
Erronka da hasierako bertso/abesti hori oinarri hartuta katearekin jarraitzea. Hainbat aukera ditugu horretarako:
1. "Ez negar egin, gu elkarrekin" abestu, esan edo/eta interpretatu daiteke, eta bideoa eitb.eus-era igo. Errazago egiteko, EITB Maratoiaren webgunean eskuragarri dago "Ez negar egin, gu elkarrekin" bideoa karaoke itxuran (letrarekin, baina ahotsik gabe); eta letra ere deskargatu daiteke, PDFan.
2. Bertso berri bat sortu dezakegu, hasierako hori oinarri hartuta. Bertso berri bat egiten laguntzeko, "Bertso Katea" izeneko web erreminta jarri da martxan, eta hori ere EITB Maratoiaren webgunean aurkitu dezakegu. Errimak proposatu eta silabak kontatzen ditu, eta sortutako bertsoa zuzenean webgunetik partekatzeko aukera ere ematen digu. Bertso berri bat sortzera animatzen direnek (erremintaren laguntzarekin edo laguntzarik gabe) aukera dute, noski, bertso hori abestu eta bideoa eitb.eus-era igotzeko.
Nora bidali dezaket bideoa?
Joan den urtean bezala, eitb.eus webguneak atal berezia jarri du bertsoak igo ahal izateko, "Zure bertsiorik onena" izenarekin.
Maratoiaren egun handia
Maratoiaren egun handia abenduaren 17a izango da. Egun horretan dohaintzak hartzeko telefonoan pertsona ezagun andana izango da egun osoan zehar. Horrez gain, EITBko kanal guztiek (Euskal Telebista, Euskadi Irratia, Radio Euskadi, Radio Vitoria, Gaztea, EITB Musika eta eitb.eus) EITB Maratoiari arreta berezia eskainiko diote elkartasuna sustatu eta koronabirusaren ikerketak behar duen laguntzaz ohartarazteko.